1740an Kontzejuarena zen San Martin aldeko erdia, eta Lazkaoko markesarena San Gregorio aldekoa
Muga lerroa nabarmen ageri da planoan: udalerria bitan bereizten du, goitik behera trazatu lodiz margotutako marrak. Duela 277 urte, 1740an, Ataungo lurrak zeinen jabetzakoak diren erakusteko egin zuten, egin ere, Lazkaoko markesaren eta herriaren arteko auzian mugak zehazteko.
Jakina zen plano hori bazela. Juan Arin Dorronsoro apaiz eta ikertzaile ataundarrak (Don Joan Txiki) 1928an Eusko Folklore-n aipatu zuen, Lazkaotarren jauregian zegoela. Atauniker kultur elkarteak aurkitu du oraintsu han, eta berritu dute.
Berreskuratu eta zaharberritu ondoren, planoari erreplika egin eta Ataungo udaletxeko lehen solairuko atalaurrean kokatu zuten, ostegun iluntzean. Migel Arratibel eta Joxe Bikuña herritarrek eta Ataunikerreko Jexux Aizpuruak eta Joxe Ramon Munduatek desestali zuten.
Lihozko oihalean margotua da planoa, Manuel de Leon izeneko margolariak egina, 1740an. Markesaren eta Ataungo herriaren lurrak zehazteko epaiketa 1742an egin zuten, Valladolideko Chancillerian. Han bazen beste plano bat, dukeak daukanaren berdina, baina ezin izan du aurkitu Ataunikerrek.
Kaltetuta zegoen oso Lazkaoko originala: sitsak zulatuta, kedarrak belztuta, zikin eta itogin baten azpian. Erreplika baino handiagoa da berezko oihala.
Iruñean berritua
Infantaduko dukearekin tratua egin —ez zuen saldu nahi, baina konpontzearen alde erreplika egiten utzi die—, eta Iruñera eraman zuen Ataunikerrek mihisea. Garraio-segururako, 40.000 euroan baloratu zieten pieza. Rebeca Ortega uhartearrak berritu du, eta Iñaki Aldatz berriozartarrak egin du erreplika.
Informazio asko berreskuratu da, berrikuntzarekin. Lehen ikusten ez ziren leku-izen batzuk agertu dira oihalean: 40 ikusten ziren, eta beste 20 daude orain. Gaizki ikustearen hobenez, Don Joan Txikik oker emandako toponimo batzuk zuzendu ahal izan dira. Mugarriak, muga-lerroa, saroi garrantzitsuenak eta etxe asko ere ageri dira.
Planoa ez dago eskalan, eta dimentsio edo kokapen geografiko batzuk nahasgarriak dira. Baina 277 urteko udalerria nolakoa zen denek ikusteko moduan dago orain, ondarea berrituta.