Erdi aldea da Legazpin euskara gehien egiten den gunea
Soziolinguistika Klusterrak pasa den urteko irailaren 21etik urriaren 22ra bitartean kalean egindako neurketen arabera, euskararen erabilerak gora egin du Legazpin ia bost puntu aurreko datuekin alderatuta (2011koak dira). Datu horien arabera, euskararen erabilera %32,9koa da herrian;?gaztelania, berriz, %65,4k erabiltzen dute, eta %1,8k beste hizkuntzetan hitz egiten dute. Guztira, 5.823 herritarren artean izandako 1.928 elkarrizketa behatu dira.
Igoera «pozgarria» dela dio udaleko Euskara zerbitzuko Inma Urzelaik: «Bide onetik goaz». Hala ere, kezka agertu du euskararen erabilerari buruzko emaitza kaxkarrenak inguruan umeak ez daudenean jaso direlako, eta emaitzek alde nabarmenak erakusten dituztelako aztertutako bi gune nagusien artean, goi aldea edo Laubide ingurua, eta behe aldea edo erdigunea.
Umeen presentzia
Adina izan da behaketa egiterakoan kontuan hartu duten faktoreetako bat. Eta adinaren arabera, haurrak dira euskaraz gehien egiten dutenak (%49,1), gero gazteak (% 34), helduak ondoren (% 29,1) eta, azkenik, adinekoak (% 14,6).
Datu horiek, ordea, ez dira soltean hartu behar, eta Euskara zerbitzuko Urzelaik adierazi duenez, «bitxia da nagusiak eta haurrak nahasian daudenean ematen diren datuak». Hala, nabarmendu egin du nagusien erabilera eskasa (% 16,6) haurrekin daudenean; haurrek, aldiz, euskaraz gehiago hitz egiten dute nagusiak aurrean daudenean (% 53,2) bakarrik daudenean baino (% 45,9). Beraz, «nagusiak ez dira eredu onak gure hizkuntza erabiltzeari dagokionez», dio Urzelaik.
Goi aldean gutxiago
Bestalde, herria hiru gunetan banatu dute azterketa egiteko. Batetik, Laubide auzoko oinezkoen kalea aztertu dute. Bestetik, erdigunea bi zatitan banatu dute: Latxartegi parkea, Patrizio Etxeberria kalea, kultur etxea eta Gizarte zentroaren ingurua barne, eta Kale Nagusia;?eta plaza ingurua, Aizkorri kalea eta futbol zelai ingurua. «Izugarrizko aldea dago goi aldearen eta behe aldearen artean», nabarmendu du Urzelaik. Izan ere, Laubide auzoan ez da %10era iristen erabilera. Hala ere igo egin da, 2011n % 7,4koa izan baitzen. Behealdean, %34 eta %43,2 dira datuak.
Euskararen erabilerari buruzko kale neurketak 2001etik egiten dira Legazpin, bost urtetik behin. 2001ean %21,5ek erabiltzen zuten euskara kalean.