Garikoitz Mendizabal: «Txistua objektu soziala da eta horrek badauka bere alde ona»
Nolatan Legazpira?
Aspalditik ezagutzen dut Castillejo, elkarrekin arituak gara folk talde batean eta berak Txistu Symphonk nire proiektuaren berri du. Castillejo lagunak esan zidan lekua egin behar geniola horri eta iritsi da unea.
Zer da Txistu Symphonk?
Legazpin eskainiko dudanaren sorrera eta abiapuntua da. 2011n Bilboko Orkestra Sinfonikoaren burututako proiektu bat da non txistua bakarlari bihurtu nuen. Egindako lan haren lauzpabost obra hartu eta instrumentala bandarako moldatu dugu. Da-goeneko Madrilgo Musika Bandarekin, Debakoarekin, Zumaiakoarekin egin dugu. Izan ere, txistuak eta bandek gertutasun handia dute.
Bai?
Txistulariek aspaldi lagundu dute herrietako jaiak girotzen, udaletako ordezkariei laguntzen… Gero XIX. mendean musika bandak sortu ziren eta beste musika tresna batzuk sartu ziren. Badago errepertorio bat, ereserkiak, goiz eresiak, dantzak, alkate soinuak… Baina musika berriak kontzertu klabean ez dira gehiegi garatu eta txistu sinfonikoak aukera hori eskaintzen du.
Txistua aukeratzen duten haurrak gero eta gutxiago direla dio Aitor Madina Legazpiko Doinua musika eskolako zuzendariak.
Herri bakoitzeko errealitatea oso bestelakoa izan daiteke, baina egia da gaurko haurrek eskaintza zabala dutela. Txistua egunerokoan txertatuta dagoen musika tresna bat da, lehen militantziagatik ikasten zen, orain ez da nahikoa umeak erakartzeko. Bide berriak urratu behar dira; giltza txistu irakasleak eta irudimena dira. Ez dago, halere, galtzeko arriskurik, egunerokotasun horrek biziraupena bermatzen dio.
Zuretzat txistua zer da?
Esfortzu txikiarekin etekin handia atera ahal zaion musika tresna da. Txistua bada objektu sozial bat eta horrek badauka bere alde ona.