«Kontziliazioa eta erantzunkidetasuna batera etorri behar dira»
Miren Elgarresta (Zumarraga, 1965) Aldundiko Berdintasun zuzendaria da 2015eko irailetik. Albaitaritza ikasi zuen eta alor horretan lan egin du. Emakume eta ...
Miren Elgarresta (Zumarraga, 1965) Aldundiko Berdintasun zuzendaria da 2015eko irailetik. Albaitaritza ikasi zuen eta alor horretan lan egin du. Emakume eta gizonen arteko berdintasunak beti kezkatu du.
Politikan esperientzia luzea al duzu?
Politika beti gustatu zait eta 2007an EAJ alderdiko kide egin nintzen, baina behin bakarrik izan naiz hautagai: 2015eko udal hauteskundeetan Oñatiko alkategaia izan nintzen.
Zergatik uste duzu eskaini zizutela Berdintasun zuzendari kargua?
Ezagutzen nautenek ongi dakite zein den nire ikuskera gai honen inguruan, eta horrek pisua izango zuen ardura hau eskaintzea erabaki zutenengan, nik uste. Anekdota modura esan dut noizbait hauteskunde kanpainan galdera bat egin zidatela hedabide batean: ea historiako zein pertsonaia aukeratuko nuen. Eta erantzun nuen gailendu diren emakumeen artean bilatuko nukeela, zeren eta oso emakume gutxik lortu ohi du jendearen aintzatespena. Aldarrikapen horrek ere zerikusia izango zuen, agian.
Nola jaso zenuen proposamena?
Proposamena harridura handiarekin jaso nuen, noski. Berdintasunak eta emakumearen paperak duten garrantziagatik eta pertsonalki dudan sentsibilitateagatik, aurrera egitea erabaki nuen. Gainera, zer emana banuela pentsatu nuen.
Zeintzuk dira zure buruari jarri zenizkion helburuak?
Gipuzkoa oso lurralde aurreratua da eta askorentzat berdintasun arloan ez dago zeregin handirik. Gazte jendearen artean, batez ere, iritzi hori oso hedatuta dago. Baina errealitateak beste gauza bat erakusten digu. Indarkeria matxista hortxe dugu, adibidez. Gainera, esparru ekonomikoan, emakumearen presentzia oso ahula da. Zeregin handia dago. Egia da lau urtetan ezin dela gauza asko aldatu, batez ere gure gizartearen egituran oso txertatuta dauden pentsamoldeak eta egiteko moduak aldatzeaz ari bagara. Baina bidea egiteko estrategiak bilatu behar dira. Lan-talde tekniko sendoa dugu eta sostengu politiko eta ezagutza teknikoaren uztarketa on batekin, bidea egingo dugu.
Zer moduz joan da lehen urtebete pasatxo?
Ziztu bizian pasa da. Oso urte intentsoa izan da, hemen lan erritmoa handia baita. Balantze bat egin behar badut, ardatz estrategikoak finkatu eta ekintzak prestatu ditugula esan behar dut.
Zeintzuk dira ardatz estrategiko horiek?
Bi zutabe garrantzitsuak indarkeria matxistari aurre egiteko aurre plana eta esparru ekonomikoan emakumearen presentzia indartzeko planak dira. Zeregin askoz gehiago daude, baina lehentasunak horiek dira. Indarkeria matxistaren aurkako plana azaroaren 25ean eman genuen ezagutzera. Plangintza horretan, prebentzioa da atal garrantzitsuena. Eta batez ere, gazteei zuzenduriko ekintzak. Indarkeria matxista jasan duten emakumeekin ere lan egitea ezinbestekoa da eta hala jasotzen da planean.
Arlo ekonomikoari dagokionez, hainbat sektoretan emakumearen presentzia oso ahula da eta horrek asko kezkatzen gaitu. Sektore horietako batzuk estrategikoak dira Gipuzkoan. Industria, adibidez. Emakumeek zailtasun handiak dituzte ekonomian dagokien tokian, gizonen pare, egoteko. Hori emakumeon kaltetan doa, jakina, baina baita lurralde osoaren kaltetan ere. Kontziliazio neurriak landuko ditugu, baina erantzunkidetasun kontzeptua txertatuta. Emakumezkoen eta gizonezkoen erantzunkidetasuna, bai alor pribatuan eta bai publikoan. Gizarte-eraldaketa eskatzen du berdintasunak, eta ekonomiak paper garrantzitsua jokatzen du horretan, bera bakarra ez bada ere.
«Lehen urtebete honetan ardatzak finkatu eta ekintzak prestatu ditugu»
«Emakumeek zailtasun handiak dituzte ekonomian dagokien tokian egoteko»
«Kontziliazio neurrien onuradunen artean %95 emakumeak dira»
«Soka luzeko prekaritatea dago berdintasun ezaren atzean; emakume aurpegia du»
Kontziliazioa ez dela emakumeen kontua bakarrik, alegia.
Dudarik gabe. Ezin da emakumeentzat bakarrik prestatzen den estrategia bat izan. Kontziliazio neurriak gizonezkoentzat eta emakumezkoentzat izan behar dira. Baina horretarako, erantzunkidetasuna ere landu behar da. Datuek eta esperientziak esaten digute emakumeen bizkar gelditzen dela zaintza, dela seme-alabena edo adineko senitartekoena. Enpresak kontziliazioa erraztera bideratu behar ditugu, baina horrekin batera gizartean ere aldaketak sustatu behar ditugu, geure eguneroko zereginetan erantzunkide izan behar dugu.
Gaur egun, kontziliazio neurrien onuradunen artean %95 emakumeak dira. Hor desoreka handia dago eta horrek argi esaten digu bi bideak, kontziliazioa eta erantzunkidetasuna, batera etorri behar direla. Lanak den-dena arautzen du gure gizartean. Emakumeak lana errazago uzten du gizonak baino, erantzunkidetasunik ezarengatik neurri handian. Gaineratu horri aldi-baterako lanen proportzioa eta soldata aldea ere emakumearen kontra doazela. Horrek bere garapen profesionala oztopatzen du eta horren ondorioz erretirorako gutxiago kotizatzen du. Soka luzeko prekarietatea dago berdintasunik ezaren atzean. Pobreziak emakume aurpegia du.
Arlo ekonomikoan asko ari da kostatzen berdintasuna lortzea.
Esparru politikoan, kuotei esker, zorionez, badago oreka bat, formala bada ere. Kuotek berdintasunik ez dagoen tokian bidea egiten laguntzen dute, kontra-pisua ezartzen baitute gizarte patriarkalaren dinamiken kontra. Emakumeen prestakuntza mailak ez du zalantzarik gaur egun. Lizentziatura gehiago lortzen dituzte eta gizonak bezain ondo prestatuta daude, baina hori ez da lan-merkatuan islatzen. Arazoa ez da prestakuntza. Kuotek sektore publikoak parekidetasunera hurbiltzea eragin dute, baina sektore pribatuan hori ere falta da.
Asteazkenean martxoaren 8a da. Zeintzuk izango dira aurtengo ekintza nagusiak?
Kontziliazioari emango diogu garrantzia. Gipuzkoa gai horri buruz hausnartzen eta eztabaidatzen jarri nahi dugu. Horretarako, ekitaldia antolatuko dugu Donostian. Talde eta pertsona asko jarri nahi ditugu World Cafe ereduan gogoeta egiten. Hortik aterako denak, kontziliazio plangintzaren kontrastea egiteko balioko digu.