Espainiako Gobernuak Itsasok udalerri izaera berreskuratzeko prozesuaren kontra egin du, eskumena berea dela esanda . Gipuzkoako Foru Aldundiak erabaki hori gaitzetsi du
Urtarrilaren 13an egin zuten Itsasoko udalbatza osatzeko bilkura. Sasietak Aiestaren eskutik jaso zuen aginte makila.
Urtarrilaren 13an udalbatzaren osoko bilkura berezia egin zuten Itsason. Lau hamarkadaren ondoren, udalerri izaera berreskuratu zuen, Ezkiotik banandu eta gero. Gorka Sasietak hartu zuen kudeaketa batzordearen lehendakaritza. Aurreko ostiralean, ordea, Espainiako Gobernuak helegite bidez Itsasok udalerri izaera berreskuratzeko prozesua galarazi zuen. Sasietak itsasoarren erabaki irmoa defendatu du: «Herria gurekin dago eta aurrera jarraituko dugu».
Gipuzkoako Foru Aldundiko abokatuak gaia aztertzen ari direla adierazi du Sasietak. «Espainiako Gobernuak uko egin dio Itsaso udalerri bezala tokiko entitateen erregistroan izena emateko eskaerari». Erabaki hori helegitearekin lotuta dago. Helegitea 27/2016 foru dekretuaren aurka jarri du Espainiako Gobernuak; Itsaso Ezkiotik bereiztea eta udalerri independente gisa eratzea ahalbidetzen zuen dekretua, hain zuzen ere.
Helegitea eta tokiko entita-teen erregistroan sartzeari uko egin izana lotuta doazela dio Sasietak. «Helegitea ostiralean sartu zuten azken orduan, ez dute halere suspentsioa galdegin, dokumentazioa eskatu baizik».
Sasietak traba gisa ikusten du Espainiako Gobernuak emandako pausoa, «eskumena aldundiarena dela argi dago eta desanexioak aurrera» egingo duela berretsi. «Udala martxan da, aurrekontuak ditugu, Identifikazio Fiskalerako Kodea (IFK) dugu eta horren suspentsiorik ez dute eskatu. Ikusiko da aurrera begira zer gertatzen den».
Egunotan Aldundiko ordezkariekin bilduko direla iragarri du Sasietak eta «beraiek adieraziko dute zein den aurrerantzean jarraitu beharreko norabidea».
Imanol Lasa Foru Aldundiko bozeramaileak, bere aldetik, Espainiako Gobernuak hartutako bidea gaitzetsi zuen herenegun, Donostian egindako agerraldian. «Eraso zuzena da gure erakundeei eta horiek ordezkatzen duten herritarrei». Espainiako Gobernuak hartutako bi erabakiak «justifikatu ezinak» direla dio, «nola legalki hala politikoki, udal mugapeen arautze eskumena aldundiari baitagokio espreski Autonomia Estatutuak jasotzen duen moduan».
Espainiako Gobernuak Itsasoko bizilagun kopurua erabili du neurriok arrazoitzeko, 2/2003 Foru Arauak jasotzen duenez 2.500 biztanle izan behar ditu udalerri batek eratzeko. Salbuespena, ordea, Francoren diktaduran bat egitera derrigortuak izan ziren herriak dira, eta hori da Itsasoren kasua. Lasak auziaren egoera eta ekintza juridikoak Itsasoko ordezkariekin elkarlanean aztertuko dituztela iragarri du, «inposaketa honi nola aurre egin» erabakitzeko.
EH?Bilduren eskaera
EH Bilduk, bestalde, «Itsasoko bizilagunek adierazitako borondatea errespeta dezala, eta erabaki hori gauzatzeko pausu eraginkorrak eman ditzala» eskatu dio foru aldundiari Batzar Nagusietan aurkeztutako ebazpen-proposamen baten bidez. Batzar Nagusien hurrengo osoko bilkuran aztertuko duten dokumentuan, «Itsasori udalerri izaera aitortzea eragin guztietarako, eta Espainiako Gobernuak hartutako erabaki antidemokratikoari jaramonik ez egitea» ere eskatzen dio EH Bilduk Aldundiari.