Atzegik antolatzen du. Desgaitasun intelektuala dutenak eta ez dutenak elkarrekin arituko dira. Sei kirol landuko dituzte, aurten barruko bizikletan ere jardungo dira
Datorren igandean Kirola Elkarrekin jardunaldiaren VI. ekitaldia izango da Legazpiko Bikuña kiroldegian. Atzegik antolatzen du eta honezkero 413 kirolarik izena eman dutela aurreratu dute. Kirolariok Gipuzkoatik, Arabatik eta Bizkaitik iritsiko dira igandean Legazpira. Bertakoak ere izango dira.
2007. urtean ekin zioten ekintza hau antolatzeari. Legazpiko Igeriketa taldeak zer edo zer egiteko eskaera egin zion Atzegiri, izan ere, igeriketa klubekoek betidanik landu dute kirol inklusiboa eta desgaitasun intelektuala duten kirolariak taldean izan dituzte. Igeriketaz gain kirol gehiago batzeko ideiari forma eman ziotela dio Oscar Carcedo Atzegiko aisialdi zerbitzuko eta gizarte parte hartzeko arduradunak, «futbola eta mendi-ibiliak sartu genituen. Aurten sei kiroletan arituko dira kirolariak». Berritasun gisa barruko bizikleta gehitu dute. «Gure helburua kirolaren bitartez gizarte inklusioa lortzea da. Desgaitasunak dituztenak eta ez dituztenak elkarrekin kirolean aritu daitezen nahi dugu, elkar ezagutzea da inportanteena».
Legazpin izango diren larehundik gora kirolari horietatik %80 bat desgaitasunak dituztenak dira eta besteak ez dituztenak; «portzentaje hori orekatuz joatea nahi dugu eta desgaitasunik ez dituztenak gero eta gehiago izatea».
Eguneko egitaraua
Igandeko egitarauan hiru hitzordu nagusi daude. 09:30ean, Bikuña kiroldegitik aterata, mendi martxa egingo dute Aztiri aldera abiatuta. 10:00etan igeriketa, futbola, pala, barruko bizikleta eta bola txapelketa izango dira. 13:30etik aurrera gizarte zen-troan bazkaria eta dantzaldia izango dira.
Egunaren antolaketan Legazpiko erakunde zein elkarte ugarik parte hartuko dute laguntza emanda zein boluntario lanak eginda.