Jose Mari Orbegozo dantzaria. // Olatz Prat / Urola Kostako Hitza
Sei sarirekin itzuli dira Jose Mari Orbegozo (Azpeitia, 1964) eta Amaia Gonzalez (Lasarte, 1976) asteburuan Torremolinosen (Malaga, Andaluzia) jokatu den MueBT Dantza Txapelketatik. Bachata, merengue, salsa, cha-cha-cha zein vals, tango eta pasodoble modalitateetan lehiatu dira, eta Espainiako eta mundu mailako sariak eskuratu dituzte.
Gustura al zaudete jaso berri dituzuen sariekin?
Oso ondo joan da txapelketa. Mundu mailako hiru lehen sari eta bigarren eta hirugarren bana jaso ditugu. Horiez gain, Espainiako bigarren bat ere bai. Ez genuen espero sari horiek guztiak lortzea, baina txapelketa ondo hasi genuen, eta hirugarren egunean, podiumera igotzean, jakin genuen gauzak ondo zihoazela. Halere, beti dantza desberdinak egin behar izaten ditugu, eta ez dugu jakiten egiten duguna epaileei gustatuko zaien edo ez.
Lehian hasi aurretik ez duzue jakiten zer musika jarriko dizueten, ezta?
Hala da. Dantza modalitatea jakiten dugu, baina musika nolakoa izango den eta abestiaren iraupena ez. Normalean, minutu bat eta 45 segundo inguruko iraupena izaten dute kantek, baina laburragoak edo luzeagoak ere izan daitezke, eta ez dugu jakiten noiz bukatuko den.
Hori horrela izanik, nola prestatzen zarete?
Gutxi gorabehera, minutu bat eta 45 segundo inguruko koreografiak prestatzen ditugu txapelketen aurretik. Kontua da txapelketan abesti batzuk azkarragoak izaten direla eta beste batzuk makalagoak, eta prestatutakoa jartzen diguten abestira moldatu behar izaten dugu. Erritmoa entzun eta dantzan ari garen bitartean, aurrez prestatutakoa egoerara moldatzen dugu. Kantuaren bukaera aldean, bikotea elkarrengandik gertu samar egoten saiatzen gara, abestia bukatu ahala, etzateko.
Zer modalitatetan sentitzen zara erosoen, ondoen?
Tangoa eta pasodoblea gustatzen zaizkit gehien, eta salsa ere bai. Baina behin txapelketara joanda, dantza modalitate guztietan parte hartzen dugu. Sei modalitatetan lehiatu gara, eta denetan jaso dugu saria. Ondo atera zaigu txapelketa.
Parte hartzaileei dagokienez, zer mailarekin egin duzue topo txapelketan?
Denok joaten gara txapelketara maila ona dugula pentsatuta, bestela ez ginateke aurkeztuko. Parte hartzaile asko lehendik ere ezagutzen gara, eta badugu elkarren berri: badakigu bikote batek aurrea har diezaguken edo haiek baino hobeto moldatzen garen. Halere, ikusi behar izaten da epaimahaiari zer gustatzen zaion. Izan ere, batzuei gustatzen zaie tango azkarra, eta, besteei, motelagoa. Finean, epaileena da erabakia.
Beste txapelketarik ba al duzue jomugan?
Ez, eta, gainera, MueBTren datorren urteko edizioan ere ezingo dugu parte hartu hainbat modalitatetan. Izan ere, lehen saria jasoz gero, ezin izaten da hurrengo urteko txapelketan parte hartu. Horregatik, hurrengo urtean ezingo gara aurkeztu dantza latinoen txapelketetara. Halere, vals, tango eta pasodoble konbinatuan eta cha-cha-cha modalitateetan lehiatu ahal izango dugu, bigarren eta hirugarren sariak jaso ditugulako.
Amaia Gonzalez duzu dantzako bikotekidea, eta hainbat sari jaso dituzue urte guztiotan.
23 urte daramatzagu elkarrekin dantzatzen, eta sari pila bat jaso ditugu han eta hemen. Aurtengo ediziotik oso pozik itzuli gara, oso ondo joan baita dena. Irabazi ditugun sari guzti-guztiak nire dantzako ikasleei eskaini nahi dizkiet.