Udal aurrekontua, martxoaren 8a eta Aralar hizpide biharko osoko bilkuran
Ordiziako udalbatzak ohiko osoko bilkura egingo du bihar. Baina ohikoetan baino luzeago joan daiteke, gai ordenean 21 puntu baitituzte eztabaidatzeko. Horien artean, gai garrantzitsuak: batetik, udal aurrekontua eta langileen plantilla aztertuko dituzte; bestetik, udalaren hizkuntza irizpide orokorren gaineko testua. Batzarra 19:00etan hasiko da, eta luze jo lezake.
Mozio sorta bat ere izango da biharko batzarrean. Martxoaren 8ari dagokionean, Eudelen, EH Bilduren eta Ordizia Orainen testuak aztertuko dituzte. Etxegabetzeei dagokionean berriz, Kaleratzeak Stop Goierri taldearen textua eta EH Bildurena. Koalizio abertzaleak beste bost mozio ere aukeztu ditu: alkate kurduekiko elkartasun testua, Guernica koadroa Gernikara ekartzea eskatzen duena, eta Enirio-Aralarri buruzko beste hiru mozio. Horien artean daude ‘Enirioko gatazka konpontzeko erabakia’, ‘Enirion erabaki demokratikoak’ hartzearen aldekoa, eta ‘Oidui txabolaren eta elkarbizitzaren aldeko mozioa’.
Baserrietara bideak berritzeko eskaria
Ordizia eta Itsasondoko zazpi etxetako baserritarrek, beraien baserrietara eta lursailetara doazen bideak konpontzeko eskaera egina diete bi herriotako udalei. Gipuzkoako Foru Aldundiak baserri bideak konpontzeko deialdia luzatu du berriki, eta horren aurrean, beraien aldarria kontuan hartzeko eskatu diete bi udalei. Ordiziako udalbatzan bihar landuko dute gaia, eta “udal ordezkarien babesa jasotzea espero” dutela azaldu dute baserritarrek, eta Itsasondoko Udalaren partetik ere beste horrenbeste espero dutela.