Jeltzaleek eta sozialistek alde batetik eta EH Bilduk bestetik, Itsasoren herri izaera defendatu eta Espainiako Gobernuaren jarrera salatzen duten ebazpenak aurkeztu dituzte Batzar Nagusietan.
Urtarrilaren 13an egin zuten Itsasoko udalbatza sortzeko osoko bilkura, aldundiko ordezkariak bertan zirela.
Gipuzkoako Batzar Nagusietako Eusko Abertzaleak (EAJ) eta Euskal Sozialistak (PSE-EE) taldeek,”Itsasoko udalerri independentea” babestea helburu duen ebazpen proposamena aurkeztu diote Batzar Nagusietako mahaiari. Itsasoren banaketa prozesua “eredugarria” izan dela eta “Itsasoko bizilagunen borondatea” errespeta dezala eskatzen diote testuan Espainiako Gobernuari, eta bide batez, banaketaren kontra jarritako errekurtsoa erretiratu dezala.
Batzar Nagusietako bi taldeek salatu dute “onartezina” dela Espainiako Gobernuak “Gipuzkoako Lurralde Historikoaren foru eskumenen esparrtuan esku-sartzea”, eta errekurtsoa “berehala” erretiratzeko eskatu dute. Espainiar Estatuko Gobernuak “euskal autogobernuaren eta gure erakundeen aurkako jarrera sistematikoa” dutela diote, eta euskal erakundeei, “eskubide historikoak errespetatuz” joka dezatela eskatu diete.
EH Bilduren jarrera
Bere aldetik, EH Bilduk gogor salatu du Espainiako Gobernuaren jarrera, eta “erabakiari kasurik ez” egitea eskatu dio Gipuzkoako Foru Aldundiari. Beste ebazpen proposamen bat aurkeztu du koalizioak; bertan, “bizilagunek adierazitako borondatea” errespeta dezala eskatzen diote aldundiari, eta “erabaki hori gauzatzeko pauso eraginkorrak” eman ditzala. “Euskal herritarren aurkako hamaikagarren erasoa” dela salatu diote, eta “Espainiako Estatuak euskal herritarrok demokratikoki hartutako erabakiak galarazteko sistematikoki zabaltzen dituen bideak” gaitzesteko eskatu dute. Horrekin batera, “udalerri berriak ofizialki sortzeko eskumena aldundiarena” dela gogorarazi dute, Autonomia Estatutuak hala jasotzen baitu.