Prentsa agerraldia egin du Birziklapenaren Aldeko eta Mutiloako Zabortegiaren Aurkako Plataformak Donostian, Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrean: "Egin dezagun denon artean benetako ahalegina banaketa gainditu eta azken garaietan gure lurraldean ia arazo handiena izan dena behingoz merezi duen mailara jaisteko, denon mesederako izango da eta".

Lemniskataren
Goierrik Know, now zikloaren barruan, eta Asmuberekin elkarlanean, gaur, 19:00etan, Igartzako jauregian hitzaldia egingo du Lorena Rodriguezek (Zumarraga, 1977). Azkeneko 10 urteotan Quiron Ospitaleko laguntza bidezko ugalketa laborategian ari da lanean: «Gero eta ugalkortasun arazo gehiago dago, errealitatea da, geroz eta tratamendu gehiago egiten ditugu». Arrazoiak, gomendioak eta tratamenduak azaltzearekin batera, hausnarketa ere eragin nahi du.
Zeintzuk dira ugalkortasun arazoaren arrazoi nagusiak?
Askotan eragile desberdinak daude, baina emakumearen adina oso eragile nabarmena da. Gaur egun, emakumeoi saldu zaigu denera iritsi gaitezkeela, ikasketak, karrera profesional bat, estabilitatea bilatu… Baina urteak pasatzen joaten dira eta amatasuna nahi duzunean, beharbada berandu zabiltza. Hori da ugalkortasunaren arazo nagusiena, asko atzeratzen dugula amatasuna eta aitatasuna.
Beste zein faktore daude?
Estresa askotan zaila izaten da kontrolatzen. Pisua ere arazo larria da, eragin handia dauka; bai gizentasunak eta bai gehiegizko argaltasunak ere eragina dauka emakumearen eta gizonezkoaren ugalkortasunean. Toxikoak, alkoholak, tabakoak, ingurumeneko kutsatzaileak…
Ugalkortasun arazoa aipatzen denean, emakumea jartzen da askotan arazoaren jo puntuan.
Ugalkortasunean emakumez-koek eta gizonezkoek hartzen dute parte, eta biek dituzte arazoak. Gizonezkoetan semenaren kalitatea izugarri jaitsi da azken urteetan, emakumearen kasuan aipatu ditugun arrazoi berdinengatik, eta dena lotuta doa: gizonezkoak gero eta kalitate okerragoa dauka semenean, emakumeak gero eta adin gehiago dauka… Emakumearen adinak gero eta pisu handiagoa dauka baina gero eta ikerketa gehiagok esaten dute gizonezkoaren adinak ere garrantzia baduela umeak sortzerakoan. Beraz, pilak denok jarri beharko ditugu.
Hitzaldiarekin hausnarketa sortarazi nahi duzue?
Tratamenduei buruzkoa baino gehiago izatea nahi dut hitzaldia. Nik uste dut beste arazo bat daukagula eta jendeak informazioa behar duela: uste dugu badakigula gure gorputzak nola funtzionatzen duen, baina kontsultetan pertsonekin hitz egiten dugunean ikusten dugu ez dela horrela. Agian ez digute hain argi azaldu gure gorputzak nola funtzionatzen duen, gauza bakoitzak bere momentua duela eta horren zergatia. Ez direla mito batzuk «umeak izateko garaia pasatuko zaizu» bezalako esaldiak. Ez da mitoa; egia da eta bere zentzu biologikoa badauka. Hitzaldia aprobetxatu nahi dugu azaltzeko zergatik dauden geroz eta ugalkortasun arazo gehiago, nola funtzionatzen duen gorputzak, eta ondoren, medikuntzak ematen dituen irtenbideak azalduko ditut.
Zein da ematen duzuen aholku nagusia?
Gomendioak oso orokorrak dira: aitatasunean eta amatasunean goizago pentsatu behar genuke. Gure gorputza 30 urte baino lehen dago ama izateko prestatuta, baina gaur egun ia-ia ezinezkoa da adin horrekin amatasuna planteatzea. Baina agian serio planteatu beharko dugu, eragin sakonagoa ere baduelako: haurrik ez badago, gaur egun daukagun pentsio sistema ezin da mantendu. Gure gizarteak antolatuta dagoen bezala jarraitzea nahi badugu, agian zerbait egin beharko dute gobernuek. Frantzian, duela urte batzuk neurri batzuk hartu zituzten, laguntzak ematen dituzte, eta 24 urterekin Frantzian emakumeak ama izan nahi du, eta hori da adinik aproposena. Baina gobernu mailan hartu dituzte erabakiak, arazoa larria dela ikusi dutelako.
Tratamenduak proposatzea eta egitea da zure lana. Horretan ere, bilakaera handia izango zen, ezta?
Bai, egunetik egunera doa aurreratzen pixkanaka, urte batzuk pasatu dira lehen ume probeta jaio zenetik. Emaitza hobeak lortzen dira. Baina tratamenduak beti pertsonalizatuak izan behar dira; bikote bakoitzak badu tratamendu egoki bat. Beti hasten gara tratamendurik sinpleenetatik eta konplikatzen joaten gara, bikotearen arabera.
Bikotearentzat psikologikoki oso gogorrak izaten dira tratamenduak askotan.
Oso gogorra da. Tratamenduak fisikoki pertsona batzuk hobeto eramaten dituzte eta beste batzuk okerrago. Baina psikologikoki oso gogorrak dira. Gure unitatean psikologo bat daukagu, espezializatua hemengo pazienteetan. Tratamendu batek baino gehiagok huts egitea oso gogorra da, horri buelta ematea gogorra da. Edo haurdun gelditu eta haurra galtzen baduzu… Horregatik da garrantzitsua bikotearen azterketa ondo egitea, behar diren probak eskatu eta behar den tratamendua proposatzea.
Eta zure lana hori da.
Laborategian nago bai, umetxoak egiten. Ia 5.000ra iritsi gara.