Prentsa agerraldia egin du Birziklapenaren Aldeko eta Mutiloako Zabortegiaren Aurkako Plataformak Donostian, Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrean: "Egin dezagun denon artean benetako ahalegina banaketa gainditu eta azken garaietan gure lurraldean ia arazo handiena izan dena behingoz merezi duen mailara jaisteko, denon mesederako izango da eta".
Ordiziako Herri Antzokian Antzerki Garaia zikloaren bosgarren saioa izango da ikusgai gaur, 22:15ean. Oraingo honetan, Garikoitz Lariz aktore ordiziarrarekin dator Malagako
La Mordiente Teatro antzerki taldea. Aurkeztuko duten lana
Crack! La rebelion de las lagrimas izango da, eta antzokira gerturatzen direnak hotzepel ez uztea izango da, antzezlan horrekin jarri duten helburua.
Zer kontatzen du antzezlanak?
Crack!ek hiru norbanakoren bizitzaren istorio zatitua kontatzen digu. Gaur egungo egoera ekonomiko eta sozialak nola eragiten dien ikusi daiteke. Ana eta bere intimitatea, argazkien eta testuen bidez ezagutzen dugu. Ricardo, berriz, ez da nekatzen lana bilatzen eta lana topatzen duenean, alaba agertzen da, unerik txarrenean. Hori da eman dezakedan pista. Antzokira gerturatzeko intentzioa duenari esango nioke, umorez eta garraztasunez familia askoren egoera azaltzen duen antzezlana dela
Crak.
Alaba, sistemari begiratzean ateratzen dugun emaitza da. Zentzu bat edo aldaketa bat bilatzeko, normaltasunarekin amaitzeko eta norbere buruarrekin erabakitzeko oihu bakartian islatzen den malkoen altxamendu bat da.
Zer lortu nahi duzue lan honekin?
Errealitate kolpe bat eman nahi diogu antzokira datorrenari
Crac! antzezlanarekin eta hori da, hain zuzen ere, gaur, Ordiziako Herri Antzokian lortu nahi duguna. Ikusleak antzezlana ikusi aurretik espero ez zituzten sentsazio eta sentipenekin utzi nahi ditugu.
Zer kontatu dezakezu zure pertsonaiaren inguruan?
Ricardo gutako edonor izan daiteke eta gaur egungo krisi egoerak nola eragiten dion ikusi daiteke. Pertsona horren eta bere nortasunaren suntsipena ikusiko dugu.
Antzerki Garaiak urtero, tokiko aktore bat ekartzen du eta aurten zu zara gonbidatua. Zer sentiarazten dizu etxera bueltatzeak?
Gaur Ordizian, jaioterrian antzeztea, ohore bat da. Sentimendu asko ditut barruan; oso urduri nagoela ere aitortzen dut, nahiz eta antzezlan honekin hainbat antzokitan izan garen dagoeneko. Baina etxera bueltatze hori, oso berezia da eta urte asko daramazkit kanpoan. Gogo handia dut bertakoek La Mordiente Teatrok zer eskaintzen duen erakusteko
Aipatutakoaren harira, zein motatako antzezlanak lantzen ditu antzerki taldeak?
Estilo desberdinak lantzen ditugu. Hala ere, saiatzen gara estilo desberdin horien barruan amankomunean gauza bat izaten; zerbait esaten digun antzerkia nahiago dugu eta hori lantzen saiatzen gara. Aurretik adierazi bezala, ikuslearengan zerbait eragin nahi dugu, eta antzokitik buruari eragiten ateratzea da bilatu nahi duguna.
Zein da gaur egun antzerkiak duen egoera?
Egoera nahiko tamalgarria da. Ez antzerkiarena bakarrik, esango nuke kulturarekin zerikusia duen edozerk nahiko egoera zaila duela. Laguntza gutxi jasotzen dugu eta zentzu horretan behintzat, gurea, antzerkia, oso sektore kaltetua da.
Antzerki Garaia bezalako ekimenen inguruan, zein iritzi duzu?
Oso beharrezkoak direla uste dut. Antzerkia komunikatzeko modu eta bide bat da; protesta modu bat, errealitatea erakusteko modua eta hori guztia jendeari gerturatzeko bide bat. Horrelako jaialdiak oso lagungarri dira antzerkiaren munduarentzat.
Etorkizunera begira dituzuen proiektuen inguruan zerbait aurreratzerik ba al duzu?
Antzezlan berri bat sortzea da La Mordiente Teatron dugun hurrengo proiektua, nahiz eta momentuz ezin dudan askoz gehiago aurreratu.