Zaldibian, Ebie Ai Dok Itziarkoak hartuko ditu. Ataunen Aizkorpe eta getariarrak, gaur. Potoshop Zumarragan kantari bihar. Seguran, Korrikako kopla lehiaketa, bihar

Gipuzkoako Herriarteko Bertsolari Txapelketari igandean agortu zaio lehenengo fasea. Azken asteburu honetan, Goierriko hiru taldek dituzte saioak.
Gaur, Zaldibian, Ebie Ai Do talde goierritarrak Itziarko Bertso Eskolako taldea hartuko du (11. multzokoak). Antzokian da bertso saioa, 22:00etan hasita. Sarrerak bertan hartu behar dira, doan diren arren.

‘Ebie ai do’ taldeko kideak.
Ebie Ai Do taldean Aitor Irastortza zaldibiarra, Odei Lopez legorretarra eta Gemma Urteaga beasaindarra dira bertsolariak. Orain arte jokatu duten saio bakarra galdu egin dute, Irunen, Txingudi2ren aurka (17-7).
Ataunen, berriz, Aizkorpe taldea ere gaur ariko da, Segurako eta Ataungo Eneko Araiztegi, Jon Iturrioz eta Mikel Tapia bertsolariek osatuta. Oargi elkartean da saioa, 22:00etan. Getariako Arrai Nahastua taldea izango dute aurkari (6. multzoa). Goierritarrek galdu egin zuten lehen saioa (15-9), Alegian.
Bihar, Zumarragan
Larunbatean Potoshop taldeak Txinparta1 oñatiarra hartuko du (3. multzoa), Zumarragako Amalur elkartean. Bertso afaria izango da, 21:00etan hasita. Amaia Iturriotz, Manex Mantxola, Antton Fernandez eta Beñat Torres dira bertsolari urretxuar-zumarragarrak. Aurreko saioan galdu egin zuten (13-11), Oiartzunen.
Lanak bukatuta dituztenak Goierriko beste hiru taldeak dira. Urretxu-Zumarragako Simimisol eta Gabiriako Osinalde bigarren faserako sailkatuta daude; Legazpiko Bertso Olariak, ez.
Bigarren txandan, hiruna taldeko lau multzo osatuko dira.
Korrikaren alde Seguran
Goierrin beste bertso saio bat ere izango da, bihar. Kasu horretan Seguran, eta Korrika-20ren alde. Kopla txapelketa izango da. Saioa bihar 22:30ean hasiko da, Botikaxarrean. Sarrera 4 euro da.
Sei bertsolari ariko dira, hiruko taldeetan: Jon Iturriotz, Eneko Araiztegi eta Maialen Akizu batean; Ane Beloki, Aratz Igartzabal eta Mikel Tapia bestean. Trikitilari Imanol eta Unai dira.