Aurrekontua bozkatu zuten unea
Atzo, Ordizian egindako osoko bilkuran, beste gai askoren artean, 2017rako aurrekontua aurkeztu zuen udal gobernuak. Proposamenari ezetz esan zioten EH Bilduko bost zinegotziek eta Ordizia Oraineko biek. Bestalde, EAJren bost baiezko bozka eta PSE-EEren bat izan zituen. Aurrekontu proposamenak beraz, zazpi ezezko bozka eta aldeko sei jaso zituen, hortaz proposamenak ez du aurrera egingo.
Udal gobernuak egindako aurrekontu proposamena 12.382.127 eurokoa da, 2016 urtearekiko “%9,82ko gehikuntza” du. Jose Maria Santamariak, Ordiziako alkateak, “egonkortasunean oinarritzen den aurrekontua” dela adierazi zuen atzoko osoko bilkuran eta beraien helburu nagusia “Ordizia hobetzea” dela esan zuen.
EH Bilduk eta Ordizia Orainek, bat egin zuten aurrekontuei ezezko bozka ematen eta bi alderdiek, kontrako botoa ematearen arrazoi beretsuak adierazi zituzten. 2016ko aurrekontuan “lan handia egin ondoren”, beraien proposamenak “aurrekontuan sartu bai, baina bete ez” zirela salatu dute. Hori dela eta, “emendakinik ez” dute aurkeztuko. Herritarrengan eragina izan dezaketen puntuak “negoziatzeko prest” agertu ziren, baina ez dute “joan den urtekoa gertatzea nahi”.
Akordioa iritsi bitartean, 2016 aurrekontua luzatuko dute.