Ampo Ordiziak eta Cisneros taldeak azaroan Altamiran jokatutako partida // Argazkia: Ainhoa Muriel
Ampo Ordiziak partida garrantzitsua jokatuko du bihar Madrilen, Cisneros taldearen aurka. Izan ere, Play Offetako sei postuetan sartzeko puntuak behar ditu talde goierritarrak, eta lehia horretan aurkari zuzena du talde madrildarra, bosgarren baitago sailkapenean. Garmendia eta Marotias entrenatzaileentzat “irabazi beharreko partida” izango da, ligako titulurako aukeraren bat izan nahi badute behintzat.
Aurreneko sei postuetan sartzeko, Ampo Ordiziak berak baino puntu bat gehiago duen Senor Independienteri aurrea hartu beharko dio. Santanderkoek Santboianaren kontra jokatuko dute, Baldiri Aleu zelaian. Horrenbestez, begi bat Katalunian jarrita jokatuko dute ordiziarrek.
Cisneros oso joko ona egiten ari da azken jardunaldietan, eta arerio gogorra izango da Amporentzat. Altamiran jokatutako partidan, etxekoek aurre egin zioten Madrilgo taldeari, baina azken momentuan bisitariak nagusitu ziren. Oraingoan, errebantxa hartzen saiatuko dira Ordiziakoak.
Hainbat baja izango dituzte biharko partidarako. Fernando Lopez selekzioarekin izango da, eta Julen Goia, Dani Aizpun, Unai Lasa, Iñaki Suso, Ugaitz Aranguren eta Iñaki Puyadena min hartuta daude.