Urolatik Bidasoara
Iker Serranok eta Markel Beltzak Irungo Bidasoa taldean jokatzen dute. Urola taldetik joan ziren Bidasoara, haurrak zirela. Hainbat taldetan jokatu ondoren, ...
Iker Serranok eta Markel Beltzak Irungo Bidasoa taldean jokatzen dute. Urola taldetik joan ziren Bidasoara, haurrak zirela. Hainbat taldetan jokatu ondoren, Euskal Herriko eskubaloi talde garrantzitsuenean arrakasta izatea lortu dute.
Zumarraga eta Urretxuko Urola eskubaloi taldeak jokalari bikainak eman ditu azken hamarkadetan. Egun, hiru Asobal ligan jokatzen ari dira. Iker Serrano urretxuarrak eta Markel Beltza zumarragarrak Irungo Bidasoa taldean jokatzen dute: Txapeldunen Liga irabazi zuen lehen euskal taldean. Zuñiga, Salcedo, Wenta, Perunicic, Svensson-en… taldea. Serranok eta Beltzak Artalekuko aldagela mitikoko ateak ireki dizkiote Goiberriri.
Zita Artaleku kiroldegiko kafetegian egin genuen. Irungo kiroldegia beraien bigarren etxea da eta zerbitzariekin txantxetan jardun ziren, kafea prestatzen zuen bitartean.
Izan ere, bi goierritarrak haurrak zirela heldu ziren Irunera. Baina lehenago Urolan jokatu zuten. 12 urterekin hasi ziren eskubaloian. «Kaletik nindoan eta Jose Angel Garcia Varak eskubaloian jokatzea eskaini zidan. Nire gorpuzkeragatik izango zen. Handik bi astera Euskadiko selekziotik deitu zidaten eta eskubaloian jarraitzea erabaki nuen», dio Serranok.
Beltza, berriz, bere anaiaren eraginez hasi zen. «Anaia eskubaloian aritzen zen. Gustura joaten zen eta, futbolean aspertu egiten nintzenez, probatzea erabaki nuen».
Talde asko ezagutu
Berehala Bidasoaren deia jaso zuten. Ez batak eta ez besteak ez zuen lehen taldera heltzea lortu, baina Euskal Herritik kanpo ibilbide oparoa osatu dute. Beltzak Ademar Leon, Antequera, Alcobendas eta Aranda taldeetan jokatu du. Serranok, berriz, Zarautz, Huesca, Almeria, Arrate, Puerto de Sagunto, Tremblay-en-France eta Mulhouse taldeetan jokatu du. Azkenean, Bidasoan arrakasta edukitzea lortu dute.
Orain arte elkarrekin jokatu gabeak ziren. Eta elkarren aurka ez dute sekula jokatu. Dena den, ondo ezagutzen zuten elkar. «Markelek nire anaiarekin jokatzen zuen eta beraien partidak ikustera joaten nintzen. Pilotan ere jokatzen zuen. Eskerrak bide onera ekarri genuen! Oso ona izango zela ikusten zen», esan zuen Serranok.
Bidasoarentzat oso jokalari garrantzitsua dela dio. «Markel definitzen duen hitza intentsitatea da. Bera da gure defentsako lanari intentsitatea ematen diona. Guretzat oso garrantzitsua da Markel ondo dagoela ikustea. Arerioak izutu egiten ditu. Markel ondo badago, gu ere bai. Oso garrantzitsua da guretzat. Gainera, oso mutil lasaia eta txantxazalea da».
Beltzak ere loreak besterik ez ditu bere taldekidearentzat. «Sekulako kalitatea du. Pibote postuan jokatzen du eta oso jokalari gutxi dira bera bezain trebeak paseak hartzen. Gainera, atera jaurtitzeko orduan beste askok ez dugun erraztasuna du. Taldera etorri denetik, hobekuntza nabarmena egin dugu. Asko pozten nau Bidasoara etorri izanak».
Urolaz oso harro
Oso harro daude, Urolako hiru jokalari Asobal ligan daudelako (hirugarrena Naturhouse La Riojan jokatzen duen Imanol Gartziandia da). «Horrek Urolan oso ondo lan egiten dela esan nahi du. Zarautzen eskubaloia da kirol nagusia eta haiek ere hiru jokalari dituzte Asobal ligan».
Urolarekin harreman estua dute oraindik. «Denboraldia bukatzen dugunean, beraiekin entrenatzen dut. Oso polita da, ondo pasatzeko aukera ematen baitit. Izan ere, elitean ezin da eskubaloiaz horrenbeste gozatu».
Serrano iritzi berekoa da. «Gabonetan Urolako jokalari ohiok partida bat jokatzen dugu eta asko gustatzen zait partida hori jokatzea. Profesional mailan magia hori galdu egiten da».
Dena den, Bidasoan magia horrek bizirik dirauela dio. «Zortea handia dugu: Bidasoan 16 jokalaritik 8 euskaldunak gara. Gure artean euskaraz egiten dugu. Hori oso polita da. Asko eskertzen dut. 12 urte eman ditut hemendik kanpo eta aldagelan euskara entzutea sekulakoa iruditzen zait. Jokalari asko toki berekoak izatea oso garrantzitsua da. Talde askotatik pasa naiz eta Bidasoarena ezagutu dudan aldagela onena da».
Gainera, Euskal Herriko eskubaloi jokalarientzat, Bidasoan jokatzea ohorea da. «Aurten Asobal ligan gaude, gainera. Bidasoara itzultzeak asko poztu ninduen eta orain zoriontsuagoa naiz oraindik. Izan ere, Bidasoa lehen mailara itzultzea lortu duenetako bat naiz», esan zuen Beltzak.
Serrano bat dator. «Bidasoa oso talde berezia da. Txapeldunen Liga irabazi zuten Asobal ligako taldeetatik, Bartzelona eta Bidasoa dira bizirik jarraitzen duten bakarrak. Portland, Ciudad Real eta Teka desagertu egin ziren. Txapeldunen Liga irabazi duten taldeen izarra kamisetan eramatea sekulakoa da. Ardura handia da. Gainera, Bidasoa Irunen erlijio bat da. Partida guztietan harmailak ia bete egiten dira. Artaleku pabilioi magiko bat da. Beste toki askotan hutsik egoten dira. Aurki berriro Europan jokatzeko lan egiten ari gara».