Beasaingo XXVI. aurresku eta soinu-zahar txapelketa
Euskal Herri osoko 30 dantzarik hartu dute parte gaurko saioan
XXVI. aurresku eta soinu-zahar txapelketa ospatzen ari dira gaur eta bihar artean Beasainen, Usurbe antzokian. Aurtzaka dantza taldeak antolatzen duen txapelketa da, Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarrarekin batera. Beasaingo udala eta Goizeresi txistulari taldearen laguntza ere izan du antolaketan.
Beasaingo aurresku eta soinu-zahar txapelketa Euskal Dantzarien Biltzarrak antolatzen duen ligaxkaren baitan jokatzen diren kanporaketa saioak dira. Urritik maiatzera bitartean burutzen da, eta dantzariak haurrak direnetik Gipuzkoako pausoetan trebatzea eta dantzarien maila hobetzea ditu helburu.
Beasaingo txapelketa bi mailatan jokatuko da, A saileko dantzariek egin dute dantza gaur, 7 eta 11 urte arteko gaztetxoek. Bihar, B sailekoen txanda izango da, 12 eta 15 urte arteko dantzariak biltzen dituen taldearena. Aurresku txapelketa mutilei zuzenduta dago, eta gaurko saioan Alpargata eta Agurra dantzatu dituzte. Soinu-zaharra neskei zuzendutako txapelketa da, eta parte hartzaileek Punta-motz eta Uztai-txikiko zortzikoa dantzatu behar izan dituzte.
Euskal Herri osoko dantzariak bildu dira gaur Usurben, 30 guztira, 16 neska eta 14 mutil. Hiru goierritarrek hartu dute parte, guztiak legazpiarrak: Markel Garmendiak, Izaro Velascok eta Irantzu Perezek.