Belgikan baino proba gehiago
Urretxu eta Zumarragako kirol elkarteak 2017ko txirrindulari probak aurkeztu ditu. Inoiz baino lasterketa gehiago antolatu dituzte. Mota guztietakoak, gainera: errepidekoak, mendikoak, lehiakorrak, familientzat, beteranoentzat, zikloturistentzat, haurrentzat… Argi ibili daitezela belgikarrak,
Urretxu eta Zumarragako kirol elkarteak 2017ko txirrindulari probak aurkeztu ditu. Inoiz baino lasterketa gehiago antolatu dituzte. Mota guztietakoak, gainera: errepidekoak, mendikoak, lehiakorrak, familientzat, beteranoentzat, zikloturistentzat, haurrentzat… Argi ibili daitezela belgikarrak, urretxuar eta zumarragarrek tronutik botako dituzte eta!
2017ko denboraldiaren aurkezpena Urretxuko udaletxean egin zuten. Ekitaldian Eduardo Soto Gipuzkoako federazioko lehendakariak, Javier Garcia de Andoin elkarteko lehendakariak, Angel Etxezarreta zikloturismo saileko buruak, Mikel Beitia mendiko bizikleta saileko buruak, Aitor Salaberria txirrin- dularitza saileko buruak eta lehiaketetako arduradunak, Igor Zubillaga Urretxuko zinegotziak eta Mikel Serrano Zumarragako alkateak parte hartu zuten. Aurkezle lanak Aitor Chicok egin ditu.
Lehen lasterketa larunbatean izan zen: afizionatu mailako Goierriko Itzulia. Lehendakari txapelketarako puntuagarria izan zen. 113,5 kilometroko ibilbidea osatu zuten eta Euskadi Fundazioko Mikel Alonso izan zen helmugara iristen lehena.
Hurrengo proba hilaren 26an izango da, Euskadiko mendiko bizikleta opena egingo dute. Proba hau berria da. Zirkuitua Santa Barbaratik irtengo da eta Irimori buelta emango diote. Ia bost kilometroko luzera izango du.
Mendijurren omenezkoa
Apirilaren 30ean kadete mailako Mendijurren Omenezkoa izango da. Txirrindulariek 64 kilometroko ibilbidea osatuko dute. Helmugara sartu aurretik Eitza igoko dute. Mendate hori izango da bakoitza bere tokian jarriko duena.
Maiatzaren 14an gazte mailako Urretxu Saria egingo dute. Ibilbideak 90 kilometro izango ditu eta kasu honetan ere Eitza izango da epailea.
Maiatzaren 13an Urola Garaia BTT Maratoia egingo dute, maiatzaren 28an master mailako Zumarragako Hiria, ekainaren 17an txirrindularitza eskolen San Joan proba, irailaren 24an mendiko bizikleta martxa eta irailaren 10ean Goierriko Klasika zikloturista irteera.
ZZ Urolako Trena Bizikletaz familientzako irteera ere antolatuko dute. Aurten, seguru aski, ez da urriaren 12an izango. Udazkeneko asteburu batean egingo dute.
Goierrik, txirrindulari probak antolatzeaz gain, txirrindulari taldeak ditu. Denboraldi honetan inoiz baino talde gehiago dituzte. Benjamin, kimu, haur, kadete eta gazte mailako taldeak, eta mendiko bizikletakoa. Ostiralean 20:00etan aurkeztuko dituzte Ederrena pilotalekuan.