'Bizi topera, igo Lurraldebusera' kanpainak, autobusaren erabilpena sustatu nahi du
Goierriko hainbat pertsona ezagun izango dira Lurraldebusek martxan jarri berri duen kanpainaren irudia. Julen Goia Ampo Ordiziako errugbi jokalaria, Ataungo Lurdes Zurutuza baseritarra, Iñaki murua Bertsozale Elkarteko lehendakaria eta Twin Melodyko abeslariak Aitana eta Paula Etxeberria, hain zuzen. Kanpaina berriaren leloa Bizi topera, igo Lurraldebusera da eta gaur goizean aurkeztu dute, Ordiziako udaletxean.
Garraio publikoaren erabilera bultzatzeko asmoarekin jarri du abian, kanpaina berri hori Goierrin, Foru Aldundiko Mugikortasun eta Lurralde Antolaketa departamentuak. Eskualdeko biztanleen ohiturak aldatzeko helburuarekin, eta hala, ibilgailu pribatuaren ordez autobus publikoaren erabilera sendotzeko nahiarekin sortu dute autobusetan eta komunikabide desberdinetan ikusi ahal izango den spota eta kartelak.
«Bidaiarien gorakada»
Goierrin, Lurraldebusek dituen bidaiariak «gero eta gehiago dira», Marisol Garmendia foru diputatuak adierazi bezala. Joan den urtean, Lurraldesbusek Goierrin dituen ibilbideetako bidaiariek, «%39 egin zuten gora», nabarmendu du Garmendiak. 2016an «568.734 bidaiarik erabili» zituzten linea horiek, 2015ean baino «ia 160.000 bidaiari gehiago». Igoera «garrantzitsua» izan bada ere, «hazkunde hori oraindik amaitu ez» dela gehitu du.
Lurraldebusek Goierrin dituen linea guztiak «ari dira hazten» diputatu andereak adierazitakoaren arabera, eta horrek «berretsi egiten ditu eskaintzen diren zerbitzuen ontasuna eta aldundiaren apustuamugikortasun jasangarriaren alde». Hala ere, «zerbitzua hobetzen jarraitzeko» nahiaz ere aritu da Garmendia, «Goierriko 22 udalerrietan bizi diren 67.537 gipuzkoarrengana heltzeko».
Txartelaren abantailak
Lurralbuseko autobusetan bidaiatzeko Mugi txartelak, abantailak eskaintzen dizkio erabiltzaileari; %45eko deskontua eskaintzen du hilabetean 20 bidaia arte egitean, %56koa 21-50 bidaia egitean eta %90eka hilabetean 51 bidaia baino gehiago egitean.
Erabiltzaileen adinak ere eskaintzen ditu abantailak; 5-25 urte bitarteko gazteentzat %45 eko deskontua. 65 urtetik gorakoenak %108ra arteko hobariak ematen ditu errenta maila jakin bat ziurtatzen denean, mugikortasun arazoak eta errenta maila jakin bat duten pertsonei zuzendutakoak ere ematen ditu %108ra arteko hobariak. Familia ugarientzako txartela, kolektibo sozialena eta txartel anonimoa ere eskaintzen dira, pertsona batek baino gehiagok erabili ahal izateko eta %45eko hobariak ematen dituena aurreneko bidaiat artean.
Zozketak
Kanpaina berriarekin batera, Lurraldebuseko erabiltzaile berriak animatzeko asmoarekin, apirilaren 30a bitartean Mugi txartela ateratzen dutenen artean, Ordizian merkatari elkarteko dendetan gastatzeko 100 euroko bi bonoren zozketa egingo da. Lehendik Mugi edo Lurraldebus txartela dutenak ere sartuko dira zozketa horretan.