Goierriko 4. Rallyesprintak ere helburu solidarioa izango du, larunbatean, Aspanogiren alde
Larunbat arratsaldean jokatuko da Lazkaon, Zaldibian eta Gaintzan barrena Goierriko 4. Rallyesprinta, euskal automobilismo egutegiko proba ofiziala. Ohi bezala, 15,9 kilometroko zirkuitua izango dute pilotuek: Lazkaon hasi (Lazkaomendiko bideko aldapan, hilerri parean), Zaldibiara jaitsi, Larraitz aldera igo, Gaintza zeharkatu, eta Zaldibian Ordizia aldeko bidegurutze inguruan bukatu. Hiru aldiz osatu beharko dute erlojupeko zati hori.
Lasterketa 14:00etan hasiko da. 20:00ak aldera amaituko da, sari ematearekin. Parke itxia Lazkaoko plazan kokatuko dute, eta goizean goizetik motor munduko giroa izango da han. Batetik, egiaztapen tekniko-administratiboak egingo dituzte; bestetik, auto klasikoen erakusketa antolatu dute.
Rallyesprintean 60 kotxek parte hartuko dute: 53 abiadura lasterketa nagusian, eta 7 erregulartasun proban (abiadura batez bestekoa mantendu behar dute, eta ezin dute 80 km/h gainditu).
Ikullu Racing Lazkaoko taldeak antolatu du rallyesprinta, eta helburu solidarioa izango du, berriz ere: Gipuzkoako haur minbizidunen gurasoen eta senideen Aspanogi elkarteari laguntzeko izango da. Etekinen %100 hari emango diote. Biziki eskertu du elkartasun hori Aspanogiko Bittor Andonegik. Lazkao “herri solidarioa” dela txalotu, eta “gogoan hartzeagatik” eskertu dituzte antolatzailek.
Euskal Automobilismo Federazioko lehendakari Angel Gurrutxagak segurtasun arauak errespetatzeko eskatu die ikusleei: debekatutako lekuetan ez jartzeko, eta komisarioen esanei kasu egiteko. Zaborrak norberak bereak eramateko, eta ingurua nahiz baserrietako sailak eta elementuak errespetatzeko eskatu du. 3.000 bat ikusle espero dituzte, zirkuitu osoan, larunbatean.