Afizionatuen Gipuzkoako Txapelketa Seguran jokatuko dute elite eta 23 urtez azpikoek. Haurren herrialdeko proba gorena, Ataunen. Ezkion, proba berria
![Beasaingo_Loinatz_Proba](http://goierri.hitza.eus/site/files/2017/03/Beasaingo_Loinatz_Proba.jpg)
Dagoeneko hiru lasterketa jokatuak dira, Goierrin, Gipuzkoako errepideko txirrindularitza denboraldikoak. Beasainen kadeteek ireki zuten egutegia, martxoaren 4an. Itxiera ere Goierrin izango du, afizionatuen azkeneko proba Zaldibian jokatuko baita, irailaren 17an. Bien bitartean, 37 proba jokatuko dira bailaran.
Profesionalen maila goreneko ziklismoa ikusteko bi egun izango dira. Bertan antolatzen dena, bakarra: Ordiziako Klasikoa, uztailaren 25ean. Bestea, Euskal Herriko Itzuliko 3. etapa (Gasteiz-Donostia), apirilaren 5ean: Udana-Legazpi-Zumarraga-Ormaiztegi-Salbatore-Mandubia igaroko ditu.
Amateur mailan ere eutsi dio mamiari Goierrik. Legazpiko Santikutz Klasikoa Espainiako Koparako baliagarri izango da, eta afizionatuen Gipuzkoako Txapelketa Seguran antolatuko dute, elite eta 23 urtepekoena.
Afizionatuetan (Lehendakari), Ezkion sortu dute lasterketa berria: Ezkio-Itsasoko Saria. Ekainaren 3an da.
Goierrin, 37 proben artean, profesionalen 2, afizionatuen 10 proba, juniorren 9, kadeteen 4, haurren 9, masterren 1 eta zikloturisten 2 jokatuko dira 2017an, egutegi ofizialean.
Gipuzkoaren laurdena
Herrialdeko txirrindularitzaren sehasketako bat Goierri da, eta hemen eusten dio hauspoari puztu antzera. Gipuzkoan aurten guztira 151 lasterketa izango dira, eta Goierrin egingo dira laurden bat, 37 (%24,5).
Herrietako txirrindulari elkarteek, zailtasunak zailtasun eta errelebo aldaketa zenbaitetan kostatzen ari den arren, beste urtebetez harrobiko ziklismoa ziurtatu dute.
Urretxun 6 proba antolatuko dituzte; Beasainen 5, Seguran eta Ataunen 4na, Zegaman eta Ordizian 3na, Legazpin eta Lazkaon bina, eta Ormaiztegin, Gaintzan, Olaberrian, Mutiloan eta Zaldibian bana.