Legazpiko erdiguneko haur parkean gaztelu bat egingo dute; lanak martxo amaierarako amaituko dituzte
Plazaolako jolas parkeko estalkia jarri dute oihal eta guzti. Hurrengo lana jolas parkea hornituko duten jokoak jartzea da: sei zabu eta gaztelu moduko egitura egingo dute. Astebetean jokoak kokatuko dituztela aurreikusi du Erik Galvez zinegotziak. Amaitzeko jolas parkeko zorua berrituko dute, hori ere astebetean.
Proiektuaren aurrekontua 131.000 euro ingurukoa da; aurreko urteko aurrekontuei dagokie. Estalkia da berritutako parkean egingo duten inbertsio handiena, 85.000 euro; jokoen aurrekontua 21.000 eurokoa da eta zoruarena 25.000 bat eurokoa.
Jolas parkearen berrikuntza lanak martxan jarri aurretik prozesu parte hartzaile bat abiatu zuen udalak legazpiarren, hala heldu nola haur, iritzia ezagutzeko. Guztira 639 legazpiarrek parte hartu zuten eta gaztelua egitea erabaki ere.