Dorronsorok eta Aranbarrik apustua jokatuko dute bihar Urretxun
Julen Aranberri Elorriaga II.a zumarragarrak eta Xabier Dorronsoro zeraindarrak aizkora apustua jokatuko dute bihar, 19:00etan, Urretxuko Ederrena pilotalekuan. Hamabi kanaerdiko ebakiko ditu bakoitzak. Egurra Aranberrik eramango du. Aizkolari bakoitzak 1.000
Julen Aranberri Elorriaga II.a zumarragarrak eta Xabier Dorronsoro zeraindarrak aizkora apustua jokatuko dute bihar, 19:00etan, Urretxuko Ederrena pilotalekuan. Hamabi kanaerdiko ebakiko ditu bakoitzak. Egurra Aranberrik eramango du. Aizkolari bakoitzak 1.000 euro jarriko ditu jokoan. Sarrerak 20 euro balio du eta bi saski zozkatuko dituzte ikusleen artean.
Julen Aranberri Jabier Aranberri Elorriaga I.aren semea da. Umetan hasi zen aizkoran. «13-14 urterekin irten nintzen lehenengoz plazara. Antion, Eitzako jaietan… erakustaldiak egin nituen. Ondoren, 18 urte azpikoen txapelketan parte hartu nuen. bi aldiz».
Futbolean ere jokatzen zuen eta aizkora uztea erabaki zuen. «Gazte mailan nengoela Urolaren lehen taldera igo nintzen. Asko poztu nintzen eta aizkora uztea erabaki nuen».
Zazpi urteren ondoren, berriro aizkora hartzea erabaki du. «Futbolean egin beharreko guztia egin dudala uste dut. Hori dela eta, aizkora hartzea erabaki du».
Bere aitak erabakia pozez hartu du, noski. «Asko poztu da. Gainera, entrenatzaile lana egiteko gogoa zuen. Oso gustura ari gara elkarrekin».
Apustua prestatzeko Joxe Ugarteburu ezkiotarraren laguntza ere jaso du. «Asko ari naiz ikasten. Aholku onak eman dizkidate. Plazara beti lasai joateko esan didate, lehiaketa baterako izan edo erakustaldi baterako. Kolpea nola jo, mozketa nola eraman… ere azaldu didate. Bestalde, nire lehen lan luzea eta iraupena lantzen ari naiz».
Dorronsororen deia
Dorronsorori lana emango diola uste du. «Berak deitu zidan apustua jokatzeko eta baiezkoa eman nion. Izan ere, Gipuzkoako bigarren mailako txapelketa maiatzaren 28an hasten da eta azarotik ordura arte ez nuen erakustaldirik. Oraingoz lasai nago. Gozatzera irtengo naiz. Entrenamenduetan egin dudan lana egiten badut, lanak emango dizkiot».
«Aitak eta Joxe Ugarteburuk oso aholku onak eman dizkidate»
Julen Aranbarri (Aizkolari zumarragarra)«Neguan denbora gehiago dudanez, apustua jokatzea erabaki nuen»
Xabier Dorronsoro (Aizkolari zeraindarra)
Dorronsoro beteranoagoa da (1979an jaio zen eta zumarragarra 1990ean), baina ez du uste lan erraza izango denik. Gainera, egurra Aranberrik eramango du. «Egurra besteak eramateak beti kezka puntu bat sortzen du. Norberak eramaten duenean, egurra probatzeko aukera egoten da. Aukera hori izan ez dudanez, egur mota guztiak ebaki ditut prestatuta joateko». Zumarragakoak zeraindarra lasai egon daitekeela dio, egur arrunta eramango duela.
Zeraindarrak ere apustu bat jokatzeko gogoa zuen. Izan ere, umea eduki zutenetik ez dut txapelketetan parte hartzeko aukerarik izan. «Aizkoran egiteko gogoa nuen eta neguan denbora gehiago dudanez, apustua jokatzea erabaki nuen. Aizkora nire zaletasuna da eta apustuek motibatzeko balio dute. Elorriagaren semea gogor entrenatzen ari zela jakin nuen eta berari deitzea erabaki nuen».
Tratua
Zeraingo aizkolariak desafioa otsailean egitea eta hamalau kanaerdiko moztea proposatu zion, baina azkenean martxoan egingo dute eta hamabi moztuko dituzte.
Bere hirugarren apustua izango da. 2008an Urtzi Olasagasti eta Xabier Undianoren aurka aritu zen. Hamar kanaerdiko ebaki zituzten eta zeraindarra nagusitu zen. 2013an, berriz, Xabier Zaldua zumarragarrarekin Imanol Berasategi eta Joxe Mari Esnaolaren aurka aritu zen. Bigarren apustu hau ere irabazi egin zuen.
Aranberrirentzat, berriz, lehenengo apustua izango da. Zeraindarrak bien artean ikuskizun polita eskainiko dutela uste du. «Bere aita ezagututa, badakit ondo prestatuta joango dela. Gainera, ez dago ni bezain ikusia eta jendeak bera lanean ikusteko gogoa du».
Zeraindarrak ere eskerrak eman nahi dizkie bere prestatzaile eta laguntzaileei. «Herriko festetan hasi nintzen aizkoran, Otatza eta Lakiolarekin, eta ondoren Nazabalengana joan nintzen ikastera. Azurmendi, Zaldua, Iruntxiberri eta Larretxearekin ere ibili naiz, besteak beste. Kirol honetan bakarrik aritzea oso zaila da. Laguntza behar duzu. Elkarri lagunduz ikasi dut», amaitu du aizkolari zeraindarrak.