Igandean herri galdeketak egingo dituzten herriei babesa Goierritik
Orain artean herri galdeketak egin dituzten Etxarri Aranatz, Arrankudiaga, Goierri, Debagoiena, Azpeiti, Ispaster, Dima eta Bakaikuko Gure Esku Dagoko ordezkariek agerraldia egin dute Beasaingo Igartzako jauregiaren aurrean.
Igandean Euskal Herriko hainbat herri eta eskualdetan, erabakitzeko eskubidearen aldeko herri galdeketak egingo dituzte. Orain artean herri galdeketak egin dituzten Etxarri Aranatz, Arrankudiaga, Goierri, Debagoiena, Azpeiti, Ispaster, Dima eta Bakaikuko Gure Esku Dagoko kideek agerraldia egin dute gaur arratsaldean Beasaingo Igartzako jauregiaren aurrean, igandeko herri galdeketei babesa adierazi eta herritarrei parte hartzeko deia luzatzeko.
Guztien izenean Goierriko Gure Esku Dagok Anartz Goiak irakurri duen babes agiria: “Ia 3 urte pasa dira Euskal Herrian estatus politikoaren inguruan lehenengo herri galdeketa egin zutenetik Etxarrin. Hiru urte horietan zehar pauso sendoak eman dira erabakitzeko eskubidea gauzatzeko bidean. Tartean ezin ahatzu 2014ko ekainaren 8an 150.000 herritarrek osatu genuen irrifar erraldoia edota 2015eko ekainaren 21ean osatu genituen hautetsontziak. Hautetsontziak osatu genituen. Aldarrikapenetik gauzatzerako fasea irekiz. Honela aurrez milaka herritarren borondatearekin jositako hautetsontziak erabiltzeari ekin genion”.
Harrezkeroztik, Arrankudiagan, Debagoienan, Goierrin, Azpeitin, Ispasterren, Diman eta Bakaikun egin dituzte herri galdeketak. “Ezta alferrik egin ere. Galdeketak abiatu genituenean, argi aipatu genuen zeintzuk ziren gure helburuak, ilusioa piztea, herritarrak ahalduntzea eta demokrazian sakontzea”.
Izan ere, Gure Esku Dagoren ustez, “herri galdeketak demokraziaren adierazpen gorena dira. Poza eta ilusioa sentitzen ditugu, guk egin bezala Euskal Herriko beste herri askok galdeketak egingo dituztela entzutean. Hauek herri osasuntsuago bat eraikitzeko tresna ezin hobeak baitira”.
Igande honetan bozkatzera deituta daude Astigarraga, Hernani, Larrabetzu, Oarsoaldea eta Tolaosaldeko herritarrak. “Guk jada galdeketa eginda dugun herrietako ordezkariok, nahiz eta badakigun, galdeketa antolatzeko gai izatea eta erabakitzeko eskubidearen gauzatzea garaipen itzela dela, dei egiten dugu, igandean hautetsontziak ametsez betetzera. Orain herritarrei dagokie hitz egitea. Izan ere, gure botoarekin, edozein dela ere, herritarron, herritar denon aldeko urrats handia egiteko aukera izango dugu igandean”.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.