Irizar taldeak Gipuzkoako Bazkundearen ‘Gipuzkoako Enpresa’ saria jaso du gaur. Arg.: I. Gurrutxaga
Gipuzkoako Merkataritza Bazkundeak Ormaiztegiko Irizar enpresari eman dio gaur ‘Gipuzkoako Enpresa’ saria, “produktuaren dibertsifikazioari esker berriro sortzeko gaitasuna izan duelako”. Bazkundearen esanetan, Irizar teknologia handiko produktu batekin nazioarte mailan lehiatzen ari den enpresa da, eta Gipuzkoa munduan kokatzen ari dena. Sari banaketa gaur izan da, Donostian.
Autobus eta autokar sektorean lider den enpresa talde baten enpresa nagusia da Irizar. Elektronikako, komunikazioko eta makina errotatibatako sektoreetan erreferentea ere bada. Irizar 1889an sortu zen eta 128 urteko historia ondoren, gaur egun talde egonkor bat da, geografikoki eta industrialki dibertsifikatuta dagoena eta hazkunde iraunkor batean murgilduta. Markarengatik, teknologiarengatik eta iraunkortasunagatik apustu egin dute, berezko markaren produktuengatik bai autobus eta autokar elektrikoetan, baita parte duen beste sektoretako produktuetan ere. Gaur egun 2.700 pertsonek osatzen dute Irizar taldea.
Aurrez, Goierriko lau enpresa sarituta
Gipuzkoako Merkataritza Bazkundeak sari horiek banatzen dituen 25. aldia da. Aurrez, Goierriko bost enpresek jaso dute sari bera, tartean Irizar kooperatibak: CAFek 1993an, Irizar kooperatibak 1997an, Aristrainek 1998an –gaur egungo Olaberriko Arcelor Mittal– Orklik 2014an eta Indarrek 2015ean.