Pisani eta Tirapu
Juan eta Jon Tirapu aita-semeak oso ezagunak dira Goierrin. Aita, Mario Pisani bezala ezaguna, ‘showman’ ikaragarria izan zen. Semeak ‘Gu ta ...
Juan eta Jon Tirapu aita-semeak oso ezagunak dira Goierrin. Aita, Mario Pisani bezala ezaguna, ‘showman’ ikaragarria izan zen. Semeak ‘Gu ta Gutarrak’ saioan lan egiten du. Tiraputarrak non, musika eta giro ona han.
Juan Tirapu Urola orkestrako abeslaria izan zen 1970eko hamarkadako lehen erdialdean. Ordutik 40 urte pasa dira, baina toki askotan gogoratzen dute oraindik. Hori bai, gehienek Mario deitzen diote, hori baitzen bere ezizen artistikoa:?Mario Pisani. Emazteak ere Mario deitzen dio. «Lehen Juan Tirapu nintzen, ondoren Mario Pisani izan nintzen eta orain Tirapuren aita naiz», dio txantxetan.
Mario Pisani ezizena lagunek jarri zioten. «Ganberro samarrak ginen. Urretxun antolatu zuten ziklo-kros lasterketa batean txirrindulariz jantzi nintzen eta helmugara irabazlea heldu baino apur bat lehenago sartu nintzen. Nor da txirrindulari hau?, galdetzen zuten ikusleek. Lagunek Italiako Ostia herritik etorritako txirrindulari bat nintzela esan zuten: Mario Pisani. Jendeak sekulako barreak egin zituen eta ezizen horrekin gelditu nintzen».
Musika munduan ere lagunen eskutik hasi zen. «Abestea asko gustatzen zitzaigun eta taberna guztietan abesten genuen. 1969ko Urtezahar gauean kafe pare baten truke oholtzara igoko nintzela esan nien. Ikusleen artean Urola orkestrakoak zeuden eta beraiekin jotzea eskaini zidaten. 1976a arte, beraiekin jo nuen: Casinoko dantzaldietan eta ezkontzetan».
Mozorroa
Pisani showman hutsa zen. «Behin Ceutatik mairu jantzi bat ekarri nuen. Pisanik ezin zuela abestu, baina beste abeslari bat bidali zuela esateko agindu nion taldekide bati. Agertokira mairuz jantzita igo nintzen, Achilipu abesten, eta sekulako zalaparta sortu zen. Mozorro hura askotan jantzi nuen, Tio Marirekin, eta emazteak mozorroarekin kuxin batzuk egin zituen gehiagotan jantzi ez nezan».
Pisanik ezkondu zenean utzi zuen musika. Ez zion penarik eman. «Ezkongabea zarenean musika eta parranda oso ondo daude, baina ezkonduta zaudenean ez. Betebehar batzuk dituzu eta kontzertua amaitutakoan etxera itzuli behar duzu. Gainera, ni ez nintzen abeslaria. Parrandazalea eta txantxazalea nintzelako hasi nintzen Urola orkestrarekin. Inguru honetako abeslari txarrenen artean nengoen eta! On Santiago parrokoak nik abesteagatik dirua kobratzea lotsagarria zela esan zidan. Ni animatzailea nintzen. Ikuskizuna maite nuen. Elegante janzten nintzen, ikusleak zirikatzen nituen, abestien hitzak aldatzen nituen…».
Semeaz harro
Bere lekukoa semeak hartu du. Semeaz harro dago, noski. «Batzuek kalean gelditzen didate eta ea nire semea den galdetzen didate. Beste batzuek egitarauetan Tirapu izena ikusi eta ea berriro abesten hasi naizen galdetzen didate».
Noizean behin taulara igotzen da, baina ez du berriro talde batekin abesteko asmorik. Ezta semearekin ere. «Alabaren eta iloben ezkontzetan abestu nuen. Baita nire jaioterriko jaietan ere (Obanos, Nafarroa). El rey kanta abestu nuen, Joselu Anaiak taldearekin. Baina ez nago prestatuta eta nire garaia pasa egin da, gainera. Lehen txarra banintzen, ez naiz orain ona izango…».
Egun bere semea da festak girotzeaz arduratzen dena. «Etxean beti audio eta bideo aparailuak eduki ditugu eta Irudia eta Soinua ikastea erabaki nuen. Inork ez zidan alor horretan lanik eskaini eta tabernetan lan egiten hasi nintzen. Irudia eta Soinua ikasi nuenez, musika jartzeaz ere arduratzen nintzen. Laket tabernako nagusiak bere ezkontzan musika jartzeko eskatu zidan eta hala hasi nintzen DJ lanetan».
Komunikabideetan, berriz, Telekomunikazio ikasketak egin ondoren hasi zen. «Praktikak Radio Vitorian egin nituen eta handik telebistara pasa nintzen. Miramonen platoko audioaz arduratzen nintzen».
Halako batean Gu ta Gutarrak saioan musika jartzeko eskatu zioten eta Euskal Herria osoan ezaguna egin da. «Hilabete batzuetako kontua izango zela uste nuen, baina sekulako arrakasta izan du. Orain Euskal Herria osotik deitzen didate DJ lanak egiteko».
Festak girotzea zenbat kostatzen den ondo daki eta bere aitak egindako lana miresten du. «Aita sekulako pertsonaia da. Denek asko maite dute. Izaera handikoa da. Berezia. Lotsagabea. Artista. Ez zaio batere inporta besteek zer dioten. Beti nahi duena egin du. Nik ez dut sekula artista lanean ezagutu, arreba jaio zenean utzi baitzuen, baina sekulakoak egin zituela uste dut. Ez balitz hala izan, jendeak ez lidake berari buruz horrenbeste hitz egingo. Jende askok berarekin kontzertu bat antolatzeko eskatzen dit, baina ez da erraza».
Biei festak girotzea gustatzen zaie, baina ezberdinak direla diote. «Aita ni baino lotsagabeagoa da». Aitak semeari lotsagabeagoa izan behar duela esaten dio. «Ezkontzetan, musika jartzeaz gain, showman lana egin behar du. Norbere burua nabarmendu egin behar da. Hori dela eta, kapela bat oparitu nion. Nik 30 bat ditut».