Lazkao, auto zaleen paradisu
Gaur arratsaldean Goierriko 4. rallyesprinta jokatuko dute Lazkaon. 15,9 kilometroko zirkuitua izango dute, ohi bezala: hilerri paretik abiatuko dira, Lazkaomendira igo, Zaldibiara jaitsi, Larraitz aldera igo, Gaintza zeharkatu eta Zaldibiara jaitsiko dira. Lasterketa 14:00etan hasi da eta parte hartzaileek hiru aldiz osatuko dute zirkuitua. 60 gidarik parte hartuko dute, aurten Aspanogiren alde antolatu den proba honetan. Aspanogi minbizia duten haurren eta beraien gurasoen elkartea da.
Egiaztapenak goizean egin dituzte, Lazkao erdialdean. Ibilgailu klasikoen erakusketa ere egon da. Eguraldi ona lagun, jende asko elkartu da. Arratsaldean, rallyesprintaz gain, minimotoak egongo dira Lazkaon. 17:00etan hasiko dira. 3-10 urte arteko haurrek ibili ahalko dute. Taloak ere egongo dira.