Aingeru Castro bigarren urtez garaile Goierriko Rallyesprintean, Barrenetxearen 10 segundoko zigor bat baliatuta
Inoizko parekatuena izan da IV. Goierriko Rallyesprinta. Larunbat arratsaldean jokatu zen Lazkao, Zaldibia eta Gaintzan barrena, 15,9 kilometroko ibilbidean hiru erlojupekorekin. Aingeru Castro-Alaitz Urkiola arabarrak izan dira irabazle (BMW M3 E36), iaz bezalaxe. Probaren denbora-errekorra jarri dute, gainera: 27:41,499 minutu.
Bigarren Enrique Barrenetxea-Arando eta Anartz Onandia izan dira (Mitsubishi Lancer EVO IX). Lehen erlojupekoan nagusi izan ziren, Castro-Urkiolari 9 segundo aterata. Bigarrenean haiek irabazi zieten, eta denbora tartea 1,9 segundora murriztu. Hirugarren zatian ere berez Barrenetxeak eta Onandiak egin zuten erlujupeko onena, aurkariei 7 segundoko aldea aterata. Bazirudien bizkaitarrentzat izango zela garaipena (2015ean irabazi zuten), baina 2. chicanea ukitu zutela eta, 10 segundoko zigorra jarri zieten epaileek, eta sailkapen nagusian 2. postura erori ziren, 98 ehunen soilengatik (27:42,484 minutu guztira).
Hirugarren Mattin Villares eta Andoni Blas (Renault Clio Maxi) sailkatu ziren (28:18,754), eta laugarren lehenengo goierritarrak: Iñigo Alustiza eta Eider Urbieta (Peugeot 208 R2), 28:36,646 minuturekin.