«Ongizatea lortzeko bidea da lehiakortasuna»
Miren Estensoro (Olaberria, 1984) ekonomialaria eta ikertzailea da. 2006an EHUn Ekonomia ikasketak bukatu zituen, Lurralde Garapeneko espezialitatean. Mikel Zurbano irakasle beasaindarraren ...
Miren Estensoro (Olaberria, 1984) ekonomialaria eta ikertzailea da. 2006an EHUn Ekonomia ikasketak bukatu zituen, Lurralde Garapeneko espezialitatean. Mikel Zurbano irakasle beasaindarraren gomendioz, Goiekin egin zituen praktikak. Ikasten jarraitu zuen eta Ingalaterran graduondoko ikasketak egin zituen. Goiekin Niko Errastiren ondoan aritu zen lanean industriaren arloan 2011ra arte. 2008an hasitako krisiaren eraginez, Goierriko enpresa txikien arteko lankidetza sustatzeko lanean aritu zen batez ere. Orkestra Institutuan ikertzaile lanean hasteko aukera izan zuen ondoren, baina Goiekirekin harremanetan jarraitu zuen: 2012an Industria Foroa jarri zen martxan Goiekin, «eskualdeko industria garapena modu berritzaile batean bultzatu nahi zela eta Industria Foroa dinamizatzea proposatu zidaten. Oraindik ere jarraitu egiten dut». Norvegian eta Argentinan hainbat proiektutatan lanean ari zen bitartean, doktore tesia bukatu zuen. Goierrin enpresa txikiekin egindako lanaren prozesua jaso zuen Estensorok.
Orkestra, Lehiakortasunerako Euskal Institutuko ikertzailea zara. Zer da Orkestra?
EAE mailan lehiakortasuna sustatzeko sortu ginen eta gure lana da, ikerketa eraldatzailea egitea. Gu ikertzaileak gara, Deusto Fundazioaren parte gara. Unibertsitate sistemaren barruan gaude, baina bokazio desberdin batekin sortzen da: bokazio eraldatzaile horrekin. Ikerketa proiektu nagusiak gobernu maila desberdinekin izaten dira.
Lehiakortasuna bultzatzea da Institutuaren helburua. Gure ondorio nagusienetakoa da, politika ekonomikoak eta politika sozialak integratuta joan behar dutela, eta beste politika batzuk ere bai. Baina ekonomia ez da gizarte gaiekin lotzen eta Izugarrizko erronka daukagu integrazio horretan. Aldaketa batzuk eman dira; hausnartzen eta ekintzan laguntzea da gure lana.
Zer da lehiakor izatea?
Lehiakortasuna ez dugu ikuspegi ekonomizista batetik bakarrik begiratzen; guretzat lehiakortasuna ongizatea lortzeko bide bat da. Lehiakortasuna ulertzen dugu ongizate sozioekonomiko kontzeptu horrekin. Orkestrak lana egiten du lehiakortasuna bultzatzeko palanka batzuetan, baina horietan ongizate sozialeko palankak txertatzen hasi gara.
Goierri ekonomikoki postu onean omen dago kokatuta lehiakortasun mailari dagokionean. Zein adierazle hartzen dituzue kontuan?
Bai, Goierrik lehiakortasun maila altua du, oso postu onean dago ekonomikoki kokatuta. lehiakortasuna maila neurtzeko erabiltzen diren ia aldagai guztietan: enplegua, enplegua zein sektoretan, okupazioa, BGP-a, demografia, dentsitatea, komunikazioa, enpresen finantzazio egoera, berrikuntza maila, I+G, zenbat enplegu dagoen teknologia maila altuko jardueretan, zenbat enpresa, zein formazio maila duten pertsonek, langabezia… Argazki horretan, palanka horietan ikusten da ia beti lehenengo postuetan dagoela Goierri behea, Gipuzkoako gainerako eskualde eta EAEko batazbestekoarekin alderatuta. Hala ere, argazki horretan enpresa handiek distortsionatu egiten dute.
Zergatik da distortsio hori?
Goierriko 10 enpresetan daude gure industria sektorean dagoen enpleguaren %80a. Izugarrizko konzentrazioa dago enpresa handi horietan. 2.400 pertsonako enpresa bat daukagu Beasainen. Hori da ezaugarri bat, baina enpresa txikiena beste errealitate bat da. Eskualde honek duen beste ezaugarri bat da, oso enpresa handiak edo oso txikiak ditugula; beste eskualdeetan ertainak gehiago dira. Goierrin ertainak oso gutxi ditugu, 50-250 langile artekoak. Enpresa txikiek gainera ez dute produktu propiorik, eta produktu propioa edukitzea gakoetako bat da enpresa batean.
Enpresa txikiekin hainbat saiakera egiten ari da Goierrin, Get Goierrirekin adibidez.
Izugarrizko emaitza onak eduki dituzte. Hasierako asmoa zen, enpresa handiek kanpoan erosten duten produktuak Goierriko enpresa txikiek sortzea eta egitea. Adibidez, ni Goiekin nengoela, CAFera joan ginen eta galdetu genien zer izan zitekeen kanpoan erosten zutena eta hemen egin genezakeena. Bi proiektu onartu zituzten. Konfiantza eta denbora eskatu genien. Horrek suposatu zuen enpresa txikiek produktu propio bat garatzea, eta horretarako Goiekik ingeniari bat kontratatu zuen. Salto kualitatibo handia izan zen hori. Lortu genuen produktua. Unibertsitatea ere sartu genuen: ingeniaritzako ikasleek ikasketa amaierako proiektu bezala horrelako proiektuak garatzea proposatu genuen. Oso ondo atera dira proiektu batzuk. Gaur egun, 23 produktu propio garatzea lortu dute enpresa txiki batzuek. CAFen konpetidoreei ere saltzen diete. Esperientzia hori beste enpresa handi batzuetara zabaldu zen. Ampora, Irizarrera… Bideetako bat hori da. 2009tik 14 milioi bat euro fakturatzea lortu da enpresa txikien produktuekin. Lankidetza horretan, katalogoa bat ere sortu zuten eta atzerrira Goierri enpresa bat izango balitz bezala saltzen da.
«Politika ekonomikoak eta sozialak integratuta joan behar dira»
«Get Goierrirekin 23 produktu propio garatzea lortu dute Goierriko hainbat enpresa txikik»
«Industria 4.0rako garrantzitsua da eragile desberdinek bisio partekatua eraikitzea»
«Enpresa txikietan orain arte oso ondo egin da lana, baina nik uste dut helburuak birplanteatzeko garaia heldu dela»
Enpresa txikiak zer moduz ari dira moldatzen?
Enpresa txiki guztiak ez daude horretan sartuta. Erronka? Enpresa txiki guztiak bide horretan jartzea. Orain arte oso ondo egin da lana, baina nik uste dut helburuak birplanteatzeko garaia heldu dela.
Goierri behean %10eko langabezia dago.
Bai eta horri aurre egiteko gakoetako bat formazioa da, eta gero eta formazio espezializatuagoa. Beste gauza bat da eskatzen den eta eskatuko den formazio hori lortzeko baldintzak ahalbidetzen diren. Gazteei asko exijitzen zaie baina zein dira formazio eskakizun horiek lortzeko baldintzak? Oraindik hezkuntza sisteman badago zer egina, formazio eskaintza moldatzetik hasi eta eskaintza hori, dagoen tokian egonda, jaso ahal izateko baldintza eta laguntzak guztien eskura izan arte.
Lanbide Heziketa garrantzitsua da baina kosta egiten da aukera hori egitea.
Bai, asko kostatzen da. Gauza kultural bat dela uste dut, eta hori aldatu egin behar litzateke. Erreferenteetako bat Alemania da eta industria garapenaren erakusle eredugarri diren lurraldeetan, Lanbide Heziketa izugarrizko balioa izaten ari da. Lanbide Heziketak daukan ona da, askoz ere dualagoa izan daitekeela. Horrek pertsonaren kualifikazio oso-oso espezializatua lortzen du, eta praktikoa. Ikusten ari garena da manufaktura aurreratuan edo Industria 4.0 deitzen zaionean, enpresen eraldaketa ez datorrela bakarrik estrategian oso ona den zuzendaritza bat edukitzetik, baizik eta tailerrean lana egiten duen edozein pertsonak gaitasun berritzailea edukitzean dagoela gakoetako bat.
Unibertsitate ikasketak aukeratzen dituztenak gehiago dira.
Unibertsitate ikasketak ere bai, beharrezkoak dira. Hemen ditugun enpresek ingeniaritzako zati bat badute. Baina gure enpresetan postu horiek dituztenak eskualdekoak edo kanpokoak dira? Hori egunen batean aztertu nahiko nuke.
Industria 4.0 gero eta gehiago entzuten den terminoa da. Zer da Industria 4.0?
Leku guztietan entzuten den kontzeptu bat da eta horrek pixka bat distortsionatu egiten du; modan jarri den kontzeptu bat ere da. Azken urteetan, Europar Komisioaren proposamena jarraituz Europako erregio ugari espezializazio adimendunaren (Smart Specialization Strategies) inguruko politikak garatzen ari dira. Honen baitan enpresei balio erantsi altuagoko jardueretara saltoa ematen lagundu nahi zaie eurek dituzten gaitasunak eta jakintza sisteman garatutako zeharkako jakintza gurutzatuz. Industria 4.0.ren helburua horixe da, zehazki lurraldeko enpresen gaitasunak informazio eta komunikazio teknologia (IKT) berrien eta digitalizazioaren inguruko jakintza aurreratuekin gurutzatzea enpresek espezializazio berriak garatu eta merkatuak eskatzen duen serbitizazio prozesuei erantzuteko.
Industria 4.0ra egokitzeko prest al dago Goierri?
Lan lerro bat Aldundiak onartu zigun proiektu bat, Lanbide Heziketaren formazio eskaintza nola moldatu Industria 4.0ra. Erronka da dauzkan ikasketetan hau dena nola txertatu digitalizazioari buruzko irakasgaiak sartuz… Ingeniaritzatan ere berdina gertatzen ari da. Elektronikoak, informatikariak eta matematikariak behar dira eta gazteek ez dute hori ikasi nahi. Guzti horretarako garrantzitsua da eskualde mailan eragile desberdinen arteko bisio partekatu bat eraikitzea. Mahai bat sortzea non industria garapenari buruz hausnartuko dugun eta estrategia bat partekatuko den. Estrategia da, pauso txiki partekatuak ematea. Goierri Eskola, garapen agentzia… erabakitzea gure industria garapenerako klabea izango dela eta goazen elkarrekin lana egitera.