Lazkaoko Beneditarren Fundazioak bildu eta gordetako funtsak dira. Kartelak eta pegatinak dira batik bat. Politika, feminismoa, gizarte mugimenduak, kultura eta euskara dira hizpideak
Lazkaoko Beneditarren Fundazioko Miren Barandiaran azalpenak ematen, erakusketaren inaugurazioan.
Legazpiko Burdinola elkarteari esker, kultur etxeko erakusketa areto nagusian kartel nahiz pegatina sorta oparoa dago ikusgai. Guztiak 1980ko hamarraldiak eman zuenaren lekukoak dira, hamarkada hark utzitako irudiak. Erakusketa martxoaren 31ra bitartean zabalik egongo da, astegunetan, 17:30etik 20:30era. Legazpitik Errenteriara bidea hartuko du ibiltari izateko bokazioarekin sortutako bilduma honek.
Lazkaoko Beneditarren Fundazioak gorde ditu urte luzeetan bertako zuzendari Juan Joxe Agirrek bildutako esku orri, kartel, pegatina eta bestelako paperak. Materialok 1980ko hamarkadan jazotakoaren nahiz giroaren isla dira.
Legazpin erakusketaren irekieran egindako ekitaldian, parte hartzaileek gogora ekarri zuten hamarraldia; areago, nork bere ikuspuntua eman zuen. Koldobike Olabide Legazpiko alkateak berak 18 urte zituela eta garaiaren mugimendu biziari egin zion azpimarra: «Zenbat pegatina ez ote zen ateratzen!». Iñigo Imaz zinegotziaren esanetan, «garai gogorrak izan ziren oso eta garrantzitsua iruditzen zait jende gaztea erakusketa ikustera etortzea urte haiek nolakoak izan ziren jakin dezaten».
Miren Barandiaran Lazkaoko Beneditarren Fundazioko Dokumentazio Gunearen arduradunak erakusketari buruzko xehetasunak eman zituen. Dokumentazio gunean Euskal He- rriko historia garaikidearen gaineko ondare dokumentala gordetzen dutela azaldu zuen, «ikertzaileen zein erabiltzaileen eskura jartzeaz gain, funtsak erakusteko ahaleginaren baitan sortu dugu erakusketa hau».
1980ko hamarraldiari buruz aritzerakoan hainbat ezaugarri aipatu zituen: «Berunaren garaia izan zen alde guztietako biolentziari dagokionean, mugimendu antimilitarista gori-gorian egon zen, NATOko erreferenduma egin zen, euskal futbol taldeek ligak irabazi zituzten, krisi ekonomiko itzela egon zen…». Erakusketa ataletan banatuta dagoela ohartarazi zuen: politika, mugimendu sozialak eta kultura.