Iraganean sakonduz oraina eraikitzeko
Jon Ander Arzelusek (Zumarraga), Borja Prieto Esnaolak (Urretxu), David Canok (Oñati) eta Nerea Iraolak (Ordizia) osatzen dute Gure Iragana elkartea. Orain urte ...
Jon Ander Arzelusek (Zumarraga), Borja Prieto Esnaolak (Urretxu), David Canok (Oñati) eta Nerea Iraolak (Ordizia) osatzen dute Gure Iragana elkartea. Orain urte bete egituratu ziren elkarte bezala, bertako iragana jendeari ezagutzera emateko helburuarekin. «Jendeak orokorrean ezagutzen duen historiaz gain, pasarte eta pertsonaia ezezagun asko dago hemen», dio Prietok. Hain zuzen horiek ere bistarazi nahi dituzte, «topikoetatik eta gai folklorikoetatik haratago», gehitu du Canok.
Baina, Goierriko ondare historikoa ere balioan jarri nahi dute. Horregatik, eraikin ezberdinen inguruko ikerketa lanak ere egiten dituzte. Goierri da elkartearen lan esparrua, «batez ere bi hiribildu historikotan oinarrituta: Urretxu eta Ordizia», zehaztu du Iraolak.
Datuetan oinarritutakoa
Egiten duten lana serioa eta datu errealetan oinarritutako da Arzelusek argitu nahi izan duenez. «Ematen dugun informazio guztia datuetan oinarrituta dago. Gure azalpenetan ez dago ez iritzirik ezta interes potikorik ere», gaineratu du. Historia idatzita dagoen bezala azaldu nahi dute, beraiena «historia garbi baten aldeko apustua» dela esan du Iraolak.
Beraien informazio iturri nagusienak herrietako udal artxiboak dira, «txikitik handira hasten gara, herrietako artxiboetatik, Tolosa, Bergara, Donostia, eta behar den kasuetan baita Madrilgo Artxibo Historiko Nazionala ere», diote. Eliza ere historia eta kultur iturri garrantzitsua dute. Elkarteko lana beste batzuen osagarri da lauentzat, baina etorkizunean hontatik bizitzea dute amets.
Zerbitzuak
Gure Iragana elkarteko kideek hainbat zerbitzu eta lan egiten dituzte. Ikerketa lanetatik hasi eta jendaurreko beste hainbat ekintzetara.
- Ikerketa lanak. Urretxuko Ipeñarrieta jauregiaren iragana arakatzea eta ikertzea izan da elkarteak martxan jarri duen lehendabiziko ikerketa lana.
- Hitzaldiak. Gai ezberdinei buruzko hitzaldiak antolatzen dituzte. Momentuz Urretxun eta Ordizian egin dituzte, arrakasta handiarekin.
Bisita gidatuak. Urretxuko Tourseko Martin Deunaren parrokian bisita gidatuak eskaintzen dituzte. Ordizian, D´Elikatuz zentroarekin elkarlanean bisita espezializatuak jarriko dituzte martxan epe laburrean. - Aholkularitza historikoa. Aholkularitza eta laguntza eskaintzen dute, adibidez, zuhaitz genealogikoa egin nahi duen horrentzat, edo abizenaren jatorrian arakatu nahi dutenentzat.
- Harremanetarako. 617 11 79 60 (Jon Ander), 647 70 29 24 (Nerea) eta gureiraganaelkartea@gmail.com, eta Facebook.