Ikasle Abertzaleak taldeak deituta, mobilizazio eguna dute gaur ikasleek. Goierriren kasuan, Beasainen elkartu dira 11:30ean, manifestazioa egiteko –aurretik mahai ingurua egin dute LOMCE, heziberri eta gaur egungo hezkuntza sistemaren inguruan–. ‘Erreformei planto’ lelopean, Bideluze plazan hasi eta herriko erdigunea zeharkatu ondoren, Loinazko San Martin plazan bukatu dute.
Ikasle Abertzaleeko bi kidek, irakurritako agiriaren arabera, “urteak dira ikasleok kalera ateratzen garela sistema zapaltzaile honi hortzak erakutsiz eta hezkuntza eredu berri baten eraikuntzaren aldeko aldarriaz eztarriak urratuz. Desjabetuok, ezer galtzerik ez dugunok, urtero erakutsi dugu dena emateko prest gaudela sistema hau apurtzeko eta etorkizun berria eraikitzeko”.
IAren esanetan,, “argi eta maiz adierazi dugu sistema kapitalista honen baitako hezkuntza ereduak miseriara kondenatzen duela langile klasea, hezkuntzaren bidez zapalkuntza sistemak beharrezkoa duen esku-lana egituratuz. Sistemak bere biziraupenerako hamaika mekanismo ditu martxan, eta, kapitala garatu ahala, hezkuntza bera ere aldatuz doa kapitalari mesede egiteko. Horren adibide ditugu azken urteotan inposatu dizkiguten erreformak: erreforma horiek, ez dira ikasleon mesedetarako, eta hauen atzean interes ekonomikoak besterik ez daude. Ezin dugu ahaztu ere aurtengo ikasturtean bukatzen dela LOMCE-ren aplikazioa, azken fase honen erakuslehio ditugularik errebalida ezagunak”.
Manifestazioa egin dute Goierriko ikasleek Beasainen.
Hezkuntzan ematen den edozein aldaketak “sistemari mesede” egiten diela uste dute. “Sinestarazi digute hezkuntzak guri egiten digula mesede, baina argi dugu hau ez da horrela, horren adibide ditugu erreformak eta egungo hezkuntza bera ere. Zapaltzaileek boterea mantentzeko dago egituratuta hezkuntza: alde batetik, gaztetatik sumiso izaten irakasten digute; bestetik, azterketak bezalako mekanismoen bidez ikasleok sailkatzen gaituzte, ikasleon arteko lehiakortasuna sustatuz. Azken finean, ikasleok sistemaren engranaje hutsa bihurtzea dute xede”.
LOMCE legearen kontra
LOMCE guzti horren adibide “garbia” dela diote: “Lege honek ez dio herri langileriari mesede egiten, ezta gutxiago ere. Lege honen baitan egituratutako aldaketa orok hezkuntza homogeneo bat lortzea du helburu, denok eduki berdinak barneratzea, denok ekoizpen sisteman zapaldu gisa barneratzea eta horrekiko sumiso izatea. Ezagun ditugu lege honek dakartzan aldaketak, eta urteak daramatzagu ikasleok horren aurka antolatzen eta borrokatzen”.
Era berean, “egungo unibertsitate ereduak argi erakusten digu hezkuntza noren mesedetan dagoen. Gero eta gehiago zabaltzen ari da eremu akademiko honetan banku zein enpresen esku-hartzea, eta, zer esanik ez, EHU-k eta NUP-ek azken urteetan ikasle mugimenduaren aurka izandako jarrera, azkenekoa, San Mamesen, aurreko astean, Herri Unibertsitateari egindako erasoa. Erasoak eraso, unibertsitateetako ikasleok antolatzen jarraituko dugu langileriaren mesederako hezkuntza baten alde, borrokan jarraituko dugu unibertsitate eredu hau suntsitu eta Euskal Eskola Nazionala lortu arte”.
“Zapalduon batasuna”
“Sistemari aurre” egiteko “zapalduon batasuna” aldarrikatu dute. “Hezkuntzan ere ikasleok sistemak eragindako zailtasun ororen aurrean baturik egon behar dugu eta hezkuntzari denok elkarrekin aurre egin behar diogu berau iraultzeko. Hezkuntzan ematen den aldaketa orok denoi eragiten digu, eta, beraz, denok baturik egin behar diogu aurre, kapitalari irabazitako borroka orok sistema bera ahuldu eta zapalduon askapenera hurbiltzen gaituelarik”.
Hezkuntza sistemari berari aurka egitea “egunerokoan martxan jarri beharreko borroka bat” dela gaineratu dute. “Urte luzeak daramatzagu hezkuntza eredu propio baten aldeko borrokan, gaur ere ikasleok kalea hartuko dugu, unibertsitate eredu hau eta LOMCE eta honen baitako errebalidak jo puntuan jarrita”.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.