Antzizar kiroldegian astearteetan eta ostegunetan egoten da Xabat Ibarguren. Ariketa pertsonalizatuak proposatzen ditu osasuna hobetzeko. ’Ondo ibili, ondo izan’ egitasmoa indartzera dator
Jarduera fisikorik ezak ondorio nabarmenak ditu jendearen osasunean. Ariketa fisikoak zahartzaroko mendetasuna saihesten eta gaixotasun kronikoak prebenitzen eta tratatzen laguntzen laguntzen du. Ildo horretan, jarduera fisikoak bizi kalitatea hobetzen duelako, Ondo izan, ondo ibili proiektua martxan da Beasainen, Osasun Zentroaren, Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoko Zuzendaritzaren eta udalak Kirolaren Udal Fundazioaren bitartez, eta Asmube, Aranealde, Aita Menni eta Nagusilan elkarteen laguntzaz. 65 urtetik gorako 60 bat herritarrek hartzen dute parte bertan eta hurrengo erronka ikastetxeekin elkarlanean hastea dute, kohesio soziala lortzeko belaunaldi arteko harremanak lantzea garrantzitsua dela uste dutelako.
Ariketa pertsonalizatuak
Urtetik urtera proiektua indartuz eta osatuz ari da. Azkeneko berrikuntza jarduera fisikoaren orientazio bulegoa edo kontsultategia sortzea izan da. Antzizar Kiroldegian dago eta Xabat Ibarguren Lazkano, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietan lizentziatua da bertako arduraduna. «Jarduera fisikoa oso ona da, baina jarduera fisikoak ere pertsonalizatua behar du izan», dio Xabat Ibargurenek. «Jarduera fisikoarekin gaixotasunak eta arazoak xamurtzen saiatuko gara», gaineratu du.
Doakoa da kontsultategia eta 65 urtetik gorako edozein beasaindar joan daiteke bertara, aurrezko kiroldegiko harreran ordua hartuta. «Elkarrizketa antzeko bat egiten diet lehenengo, arazoak entzun eta beraiekin programaturiko hainbat ekintza bideratzen dizkiet. Ondoren saiatzen naiz, segimendu txiki bat egiten, kiroldegian bertan edo telefonoz deituz, nik emandako aholku horiek ondorioak izaten ari diren eta beraiek nola sentitzen diren ikusteko».
Osasun Zentroarekin lankidetzan
Osasun Zentroko medikuekin lankidetzan aritzen da Ibarguren. Justo Mujika medikuaren esanetan, «Osasun Zentroan hainbat arazo antzematen ditugu, jarduera fisiko zehatz batekin hobetu daitezkeenak. Xabatekin harremanetan gaude eta koordinatuta, eta kasu zehatz baterako zein ariketa egitea komeni zaion esaten diegu».
Ekintza osagarriak
Kontsultategiaz gain, eta «aktibo mantentzearen aldeko mezua zabaltzeko» helburu horretan, Xabat Ibargurenek hilean behin Ondo ibili, ondo izan taldeko kideekin beste ekintza osagarri batzuk ere egiten ditu: «Hilean behin taldearekin elkartu eta saiatzen naiz azaltzen, jarduera fisikoak alderdi desberdinetan dituela onurak. Oinez hasi aurretik edo ondoren saiatzen naiz hilero gai bat lantzen. Oreka eta koordinazioa lantzen, memoria eta arreta lantzeko ariketak egiten, luzaketei buruzko aholkuak…».
Ariketa fisikoaren onuraren kontzientziatze lan horretan, astelehenetan, 11:30eak aurretik?Segura Irratian ere izaten da Ibarguren. «Jarduera fisikoaren garrantzia azpimarratzeaz gain, astero osasun arazo batean oinarrituz, arazo horri aurre egiteko nolako jarduera fisikoa egitea komeni den azaltzen dut», dio.
Ordutegiak
‘Ondo ibili, ondo izan’ irteerak. Ostegunetan, 10:00etan, Erauskin plazako Loinazko San Martinen estatutik abiatuta.
Jarduera fisikoan orientatzeko kontsultategia. Antzizar Kiroldegian, astearteetan 18:00etatik 20:00etara eta ostegunetan, 12:00etatik 14:00etan egongo da zabalik. Aurrez hitzordua hartu behar da kiroldegiko harrera bertan.?Doakoa da zerbitzua.