Nerabezaroa hizpide Legazpin
Asteazkenean hitzaldia egingo dute kultur etxean, 18:00etan
Asteazkenean Nerabezaroan arauak ezartzea posible da hitzaldi-tailerra egingo dute Legazpiko Kultur Etxeko areto nagusian, 18:00etan. Etxadik antolatu du, familientzako orientazio psikologikoa eskaintzen duen zerbitzuak. Zerbitzua Urola Garaiko Mankomunitatearen bitartez ematen dute Goierri garaian. Hitzaldia gaztelaniaz izango da eta nerabezaroan arauak betetzeko nerabeek agertzen duten jarreraren inguruan arituko dira Etxadiko adituak.
Etxaditik diotenez, «nerabezaro heltzean, familia giroa nahastu, eta famili-harremanek okerrera egin dezakete gatazkak eta eztabaidak biderkatuz». Haurtzaroa eta nerabezaroa alderatuta, aurpegiera serioek txantxen, musuen eta besarkaden tokia hartu dezaketela ohartarazi dute. Alabiana, gatazkak ez daukatela zertan larriak izan beharrik nabarmendu dute, baita tira-birek ez dutela luzaroan irauten ere; ez behintzat beti.
Aldaketa hauen azalpena aurreratu dute: «Nerabeen gaitasunak garatzen doaz. Ikuspuntu ezberdinak bateratzeko gaitasuna garatzen dute, gaitasun berri hauek gurasoen idealizazioa kolokan jartzen du eta irudi errealistagoa izatea ahalbidetzen die, arau sozialak eta familiakoak auzitan jartzeko gai dira».
Gaitasun berrien garapenak negoziatzeko gaitasun handiagoa ematen diela azpimarratu dute eta «familiako erabakietan parte hartzeko nahia agertzen diete gurasoei».
Distantzia hartu
Nerabezaroaren lehenengo etapan gurasoekiko distantzia hartu beharrean daudela ere gehitu dute Etxaditik, «distantzia hori beharrezkoa dute heltzeko eta autonomo bilakatzeko». Areago, gurasoengan akatsak bilatzen dituzte, «prozesu normala da». Edonola ere, gurasoek ez dute, Etxadiko adituen esanetan, prozesu hori beti gogo onez hartzen, «egoera horri aurre egiteko, gurasoak haserretu, kontrola eskatu eta murrizketak ezartzen dizkiete nerabeei gatazka maila biderkatuz».
Asteazkeneko hitzaldian nerabezaroan sortzen diren prozesuak, aldaketak eta gatazkak aletuko dituzte. Hitzaldian hitza hartzeko aukera emango diete doazen gurasoei.