Zortzigarren urtez antolatu du Telleriarteko Txirrindulari elkarteak. Hamasei garagardo izango dira aukeran. Maiatzeko Klasikan inbertituko dute azokan ateratzen duten dirua
Bihar Telleriarteko Txirrindulari elkarteak antolatutako 8. Garagardo azokak ateak irekiko ditu Urbeltz pilotalekuan. Igandera arte legazpiarrek hamasei garagardo dastatzeko aukera izango dute: beltzak, horiak, garizkoak eta txigortuak. Jakiei dagokienez, Alemaniako garagardo azoketan bezala, ukondoa, saltxitxak eta patata purea egongo dira aukeran. Oilaskoa gehituko diote eskaintzari. Menuak ere eskainiko dituzte; bi lagunentzat 27 euroan.
Telleriarteko Txirrindulari elkarteko Mikel Agirreburualdek azaldu duenez, «orain urte batzuk elkarteko zuzendaritza aldatu, eta krisi ekonomikoak bete-betean harrapatu gintuen. Diru laguntzek behera egin zuten eta Legazpiko Klasikari eustea zaila ikusi genuen». Izan ere, maiatzaren 1ean orain 83 urtetik egin ohi den txirrindu probaren mailari eutsi nahi zioten eta maila horri eusteko, «hainbat baldintza zein eginbehar bete behar genituen».
Urtean zehar bederatzi txirrindu proba daude Espainiako estatuan puntuagarriak direnak eta horietako hiru Gipuzkoan jokatzen dira: Eibarreko Balentziaga, Asteasuko Altzondo eta Legazpiko Klasika. «Liga bat bezala da, kanpoko taldeak ekarri behar dira, azpiegiturak zaindu, medikuak… Baldintza batzuk derrigor bete behar dira».
Egoera ekonomikoaren gainbeherak Legazpiko Klasikaren mailari eusteko irtenbideak bilatu beharra eragin zuen eta hala agertu zen garagardo azoka egitearen aukera. Bestelakoan, atez ate dabiltzala azpimarratu du Agirreburualdek: «Ateak jotzen ditugu babesleak bilatu, eta Klasikari eusten lagundu gaitzaten. Beharbada, gutxien gustatzen zaiguna da, baina Klasikak urte luzetan aurrera egin du eta guk eutsi nahi diogu».
Testuingurua halakoa, Agirreburualde eskertuta agertu da urtez urte legapiarrek Garagardo azokari egindako harrerarekin: «Dagoeneko baditugu enkarguak: dantzari batzuk ospakizuna daukate eta etzirako mahai bat eskatu digute; La Salle eskubaloi taldeko kideak ere bertan izango dira bihar, urtero etortzen baitira entrenamenduaren ondoren».
Sarreran pitxar bat erosi, eta azoka barruan dirurik ez da egongo. Truke guztiak txartel bitartez egingo dituzte.
Elkarlanean
Zuzendaritzan zortzi lagun ari dira gaur-gaurkoz Telleriarteko Txirrindulari elkartean. Zortzirak buru-belarri arituko dira lanean, «igandean pixka bat erlaxatu eta azokarekin gozatzeko tartea izango dugu». 30 bat lagun arituko dira laguntzen, baita senideak ere, «denak jartzen ditugu lanean».
Etekina oparoa bada Klasikaz gain, Legazpiko Ziklo-krosa antolatuko dute.