Ezkio-Itsasoko herri eskolak lehendabiziko festa ospatu du
Herrian eskola edukitzeak duen garrantziaz jabetuta, eta nolabait altxor hori daukatela ospatzeko, Ezkio-Itsasoko Herri Eskola herriari zabaldutako festa ari da egiten, gaur. Eguerdian ikuskizun koloretsua egin dute, ikastetxean bertan. Ikasleak, irakasleak eta gurasoak mozorrotu, eta antzezpen txalotuak egin dituzte, ikusle askoren aurrean. Ondoren, eskola atzean jarritako karpan bazkaldu dute; eta arratsaldean kantu, bertso eta joko kooperatiboen txanda izango da.
Ezkio-Itsasoko Herri Eskolak 3. ikasturtea du. Goierriko berriena da, adinez. Baina heldutasuna ziztu batean ari da irabazten: 21 ikasle dabiltza aurten, lau irakaslerekin. Haur Hezkuntzako 5. mailara arte ematen dute. 2017-2018 ikasturtean Lehen Hezkuntza ere hasiko dute, lau ikasleko taldea igaroko baita ziklo horretara. “Gorantz” doa eskola txikia, poliki-poliki handitzen eta sendotzen.
“Herri eta eskola txikia izanik, eskolako komunitatearen artean eta gainontzeko herritarren artean harremana edukitzea eta sendotzen joatea da festa honen helburua”, azaldu du Edurne Bidekieta irakasleak. “Denon artean antolatu dugu, gainera: udalak, herritarrek, gurasoek, irakasleek eta ikasleek”. Lehenengo aldiz egin dute.
Bazkaria elkarlan horren ispilu zen: haurrak mahai mutur batean ilaran, eta gurasoak, aitona-amonak eta festara batu diren herritarrak inguruan.