Urretxu-Zumarragako Joxemari Iparragirre Institutuak gaur ospatu du 50. urteurreneko ekitaldi nagusia. Labeaga aretoan elkartu dira lehendabizi eskolako gaur egungo, lehengo eta sorrerako kideak: irakasle, ikasle eta arduradunak. Ekitaldi instituzionala izan
Urretxu-Zumarragako Joxemari Iparragirre Institutuak gaur ospatu du 50. urteurreneko ekitaldi nagusia. Labeaga aretoan elkartu dira lehendabizi eskolako gaur egungo, lehengo eta sorrerako kideak: irakasle, ikasle eta arduradunak. Ekitaldi instituzionala izan da, eta hitzaldiak egin dituzte Miren Rodriguez zuzendariak, Amaia Alvarez ikasketa-buruak, Urretxuko zinegotzi Jon Albisuak, Zumarragako alkate Mikel Serranok eta Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza sailburu Cristina Uriartek.
“Ikastetxeen urteurrenak beti dira bereziak”, azaldu du Uriarte sailburuak. Labeagan elkartutako belaunaldi askotako ordezkariek halaxe islatu dute. Ikasleek egindako lipduba ikusi dute lehenengo. “Institutu honek duen garrantzia bistan da, Urretxun, Zumarragan eta inguruko herrietan. Belaunaldi askoren formakuntzan testigu izan da. Zuengan jarri dute orain ere konfiantza familia askok. Ez da erronka makala”, gehitu du sailburuak.
Ekitaldiaren une hunkigarriena irakasle jubilatuak oholtzara igo direnean izan da. Iparragirre institutuak ohitura polit bat badute: erretiratzen den langile edo irakasle bakoitzak zuhaitz bana sartzen du, ikastetxearen eta Etxaburu baserriaren artean. “Baso polit bat sortzen ari da, bakoitzaren ekarpenarekin”. Gaur berriz jaso dute errekonozimendua 11 irakasle eta langile ohik. Banan-banan agertokira igo, eta oroigarria eta lore sorta bana oparitu dizkiete. Ohorezko aurreskua dantzatu diete bi dantzarik.
Iparragirre institutuko irakasle eta langile erretiratuak, ikaslez inguratuta, gaur Urretxun./Aimar Maiz
Gaurko ikasleek ere izan dute presentzia. 17 igo dira, eta bakoitzak institutua zer den esaldi labur batekin definitu du: “elkartasuna ikasi” duen lekutik, “bizitzako 7.000 ordu igaro” dituenaren testigantzara.
Irakasle eta langile erretiratuak banan-banan igo dira agertokira./Aimar Maiz
Beste saio txalotu bat Andoni Salamero idazlearena izan da. 1980-84 bitartean Iparragirren ikasia, orduko garaia, zertzeladak eta giroa kontatu ditu, 1980ko hamarkadako munduaren erradiografia zabal bat egin ondoren. Matematikako irakaslea notak esaten irudikatu du, suspentsearen suspentsoa nolakoa izaten zen oroituz. Eta Joxe Mari Iparragirre koblakariaren Traperoaren doinuan, Benalmadenara ikas-bidaian joan ahal izateko, jolasorduan ogitartekoak 25 pezetan nola saltzen zituzten kantatu du. “Ez da txantxetakoa egin duzuena, eta gustura egoteko arrazoiak dituzue”, esan du Salamerok, eskola-komunitate osoa gogoan. Mikel Laboaren Iragan egun batez doinuarekin bukatu du interbentzioa, “…50 urte” esanda borobilduta.
Andoni Salamero. 1980ko hamarkadako kontuak atsegin gogoratu ditu./Aimar maiz
Ikastetxearen mende erdiko historia, testigantzak eta ikasle/irakasle/familia askoren kontakizunak liburu batean bildu dituzte. Ekitaldiaren bukaeran banatu dute. Jaiak Ederrena pilotalekuan segi du, herri bazkaria baitute Iparragirre institutukoek.