Itsaso-Deikaztelu goi tentsioko linearen proiektua bazterrera utzi dute
Itsasoko argindar zentralaren eta Deikaztelukoaren (Nafarroa) artean REE Red Electrica de España enpresak ez du tentsio oso altuko linea (400 kV) eraikiko. Autopista Elektrikorik Ez plataformak gaur eman du albistea, Iruñean bilera egin ondoren. Espainiko Gobernuaren Ingurumen Ministerioak helegitearen zati bat onartu egin du —14.000 herritarrek sinatuta aurkeztu zuten, 2013an—, eta horrek tramitazi0aren bukaera ekarriko du.
Proiektua 2011ko udan bidali zuen REEk udaletara. Nafarroako eta Gipuzkoako 166 udalerriri eta kontzejuri eragingo zien, 120 kilometro luzean. Tentsio oso altua deritzon garraiobidea izango zatekeen, 400.000 volteko indarra bi norantzetan garraiatzekoa. Ehun udalek baino gehiagok onartu zituzten harrezkero proiektuaren aurkako mozioak, eta gizartean protesta ugari izan zen (Beasainen, 2012-10-6an).
Autopista Elektrikorik Ez plataformakoak pozik agertu dira Itsaso-Deikaztelu proiektua bertan behera utzi izanarekin. Asmoa eragotzi duten bigarren aldia dela gogoratu dute; hain zuzen, Itsaso-Deikaztelu, 2010ean bertan behera utzitako Castejon-Gasteiz linearen ordezko gisa aurkeztu zuen REEk. Hala, gaurko pozarekin batera, ohartarazpen kezkatia ere egin du plataformak: Itsaso-Deikaztelu linearen ordezko proiekturen bat prestatuko dutela ziurtzat eman du.