«Txolartean aritzea aparteko aukera izan daitekeela uste dut»
Izaro Markotegi (Legazpi, 1999) boluntario gisa lanean hasi berria da martxoan Goierri garaiko Txolartean.Desgaitasun intelektuala dutenei zuzendutako aisialdi guneak otsailaren amaieran ateak ...
Izaro Markotegi (Legazpi, 1999) boluntario gisa lanean hasi berria da martxoan Goierri garaiko Txolartean.Desgaitasun intelektuala dutenei zuzendutako aisialdi guneak otsailaren amaieran ateak ireki zituen berriz. Boluntario faltagatik itxita egon zen tarte batean, eta urtarrilean Atzegik deialdi bat egin zuen boluntario eske. Deialdi horri erantzunez hiru gaztek eman zuten izena eta haiei esker martxan da berriz zerbitzua. Izaro Markotegi legazpiarra da hiru boluntario horietako bat.
Nolatan izan zenuen deialdiaren berri?
Goierriko Hitzan jakin nuen Atzegi boluntario bila zebilela. Betidanik gustatu izan zait desgaitasunak dituzten pertsonekin lan egitea. Niretzako aparteko aukera izan zitekeela pentsatu nuen, eta gehiegi pentsatu gabe eman nuen izena.
Damutu al zara hartutako erabakiaz?
Ez. Txolarteko lana beste modu batekoa izango zela uste nuen. Desgaitasuna duten pertsonekin lan egitea zailagoa izango zela uste nuen, baina segituan konturatu naiz nik eman dezakedana baino gehiago ematen dutela beraiek bueltan.
Hasi berria zara. Zein izan da lehendabiziko esperientzia?
Legazpin ospatu zen Kirola Elkarrekin egunean izan nintzen lehenengoz. Hasiera batean galduta sentitu nintzen, ez nuen ia inor ezagutzen. Segituan ordea, sekulako maitasuna jaso nuen guztien partetik eta oso sentsazio onak izan nituen beraiekin.
Zein da Txolartean zuen lana?
Desgaitasun intelektuala duten pertsonekin egotea larunbat edo igande arratsalde batean. Momentuz ez daukagu maiztasun finkorik, baina hamabostean behin-edo elkartzen gara. Legazpiko, Urretxuko eta Zumarragako bizilagunak daude taldean eta Legazpin edo Urretxun elkartzen gara txandaka.
Zer espero duzu esperientzia honetatik?
Ikastea. Pertsona bezala aberatsagoa izaten lagunduko didala uste dut. Desgaitasun intelektuala duten pertsonak izanagatik asko dute esateko, benetan nolakoak diren ezagutu eta hori barneratzea nahiko nuke.
Zer esango zenieke zu bezalako gazteei?
Anima daitezela esperientzia hau bizitzera. Ez beldurrik izateko, ez dagoela horrenbesteko alderik desgaitasuna dutenen eta ez dugunon artean.