Lanak bi zatitan egingo dituzte. Laubideko bakoitietan irisgarritasuna hobetzeko obrak apirilean amaituko dituzte. Brinkolako jolas parkearen gunean hasi dira lanean
Legazpiko Udalak hainbat lan martxan ditu eta aurki ekingo die beste hainbati. Tartean, onartu berri dituzte Urtatza eta Laubide auzoak lotuko dituen igogailua egiteko proiektua eta obra kontratatzeko baldintza-agiria. Igogailuaren lanak bi zatitan egingo dituzte. Pisuena lehenengo zatia izango da orduan egingo baitute obra zibila; aurrekontua 183,825 eurokoa da. Bigarren atalean igogailua hornitu eta jarriko dute; aurrekontua 24.200 eurokoa da. Lanak ekainean hasiko dituztenaren aurreikuspena dauka Eric Galvez Legazpiko hirigintza zinegotziak.
«Gure udal taldeak aspalditik zuen proiektu hau burutzeko asmoa. Aukera ezberdinak aztertu ditugu; eskailera mekanikoak edota makurtutako igogailua. Azkenean ohiko igogailua aukeratu dugu irisgarritasun irizpideak hobeto betetzen dituen aukera baita», azaldu du Galvezek. «Gure helburua auzotarren ongizatea zaintzea da eta igogailuak bi auzoen arteko lotura hobetzeko balioko du», gaineratu du.
Igogailua Laubide 16tik abiatuko da eta zortzi metroko malda gaindituko du bertikalki. Luzeran 26 metro izango ditu Domingo Agirre eskolako kiroldegira iritsi arte. Bertatik sigi-sagan jarraitu ahalko dute auzotarrek arrapala batetik.
Aurreko astean, bestalde, Brinkolako jolas gunearen ingurunea hobetzeko lanei ekin zieten. Aurrekontu parte hartzaileetan boto gehien bildutako proiektua izan zen. Jolas parkearen inguruan oinezkoentzat espazio berria sortuko dute eta hirigintza aldetik hobekuntzak egingo dituzte. «Proiektua prest izan genuenean bizilagunekin bildu ginen eta haien ekarpenak jaso genituen», adierazi du hirigintza zinegotziak. Bi hilabeteren buruan amaituta egon daitezke lanak eta aurrekontua 52.000 eurokoa da.
Laubiden, iazko aurrekontuen barruan, zenbaki bakoitiei dagokien eremuan irisgarritasunari lotutako hobekuntzak egiten ari dira. Apirilean bertan amaitzekoak dira urtarrilean hasitako lanak. Oinezkoei lehentasuna eman nahi diete espaloiak berdinduz eta berritutako bi-dean ere. Lan hauen aurrekontua 260.000 euro ingurukoa da.
Beste lan batzuk
Plazaolako haur parkean ere lanean ari dira. Lanak amaituta egon behar ziren, baina hornitzaile batek kale egin, eta bi astez atzeratu egin dira. Edonola ere, parkea Legazpiko jaietarako bukatuta egotea da Galvezen eta udal gobernuaren helburua. Orain, parkeko zorua jartzen ari dira.
Agirre Etxeberrin Doinua Musika Eskola egokitzeko lanak abian dira. Irailean hasi ziren eta uztailean bukatuta egongo dira. Lan hauen aurrekontua 824.208 eurokoa da.
Aurrera begira Kale Nagusia oinezko bihurtzeko lanen bigarren fasea da obrarik nabarmenena. Uztailean helduko diote.