‘Ele!!! Lauaxeta-Lorca’, Gorka Hermosarekin, ostiralean Zumarragan
Ostiralean, 22:30ean, Ele!!! Lauaxeta-Lorca ikuskizuna egingo dute Zumarragako Zelai Arizti retoan. Emanaldi honetan egoitza Legazpin duen Karabansarai taldeak antzerkia, musika eta dantza uztartzen ditu. Parte hartzaileetako bat Gorka Hermosa akordeoilari
Ostiralean, 22:30ean, Ele!!! Lauaxeta-Lorca ikuskizuna egingo dute Zumarragako Zelai Arizti retoan. Emanaldi honetan egoitza Legazpin duen Karabansarai taldeak antzerkia, musika eta dantza uztartzen ditu. Parte hartzaileetako bat Gorka Hermosa akordeoilari urretxuarra da.
Sarrerak 10 euroan jarri dituzte salgai. Gazte Txartela aurkezten dutenek 7 euro bakarrik ordainduko dute eta 22:00etatik aurrera 30 urte azpikoek 5 euro bakarrik ordainduko dute. Bestalde, Zumarragako kultur etxeko eta Urretxuko Udaleko Facebook-etan hiruna sarrera bikoitz zozkatuko dituzte.
Ikuskizun honetako protagonistak 1936ko gerran fusilatu zituzten bi poeta dira: Lauaxeta euskalduna eta Lorca andaluziarra. Agertokira sei lagun igoko dira: Jon Maia Lauaxeta izango da, Ana Salazar Lorca izango da, Gorka Hermosak akordeoia joko du, Jesus Prieto Pitti-k gitarra joko du eta Arkaitz Pascuasek eta Angela Carbajo de Lerak dantza egingo dute. Zuzendaria Josu Kamara Max sariaren irabazlea da.
Hermosak hasiera-hasieratik lan egin du egitasmo honetan. «Iñaki San Juan ekoizleak Lauaxeta eta Lorcari buruzko lana egiteko gidoilari baten bila zebilen eta Maiari eskaini genion. Oso gustura hartu zuen proposamena».
Protagonistak Esteban Urkiaga Lauaxeta eta Federico Garcia Lorca dira. «Biak Gerra Zibilean hil zituzten. Bata Euskal Herriaren sinbolo bat da eta bestea Andaluziaren eta Espainia gorriarena. Antzezlanean beraien munduak lotu ditugu. Izan ere, Euskal Herrian bizi den jende asko kanpotik etorri zen. Kanpotik etorritako askok ez dituzte euskal kulturako totemak ezagutzen eta euskaldun askok ez dute ondo ulertzen kanpotik etorri zirenen errealitatea. Lauaxetaren eta Lorcaren mundua azaldu ondoren, Euskal Herria anitza dela azalduko dugu. Euskaldun asko etorkinen ondorengoak gara».
Urretxuar eta zumarragarrei ostiralean Zelai Ariztira joatea gomendatu die. «Ikuskizun sakona da, baina ikusteko erraza. Gure sustraiei, aniztasunari eta etorkizunari buruz hitz egiten dugu. Eszenografiari dagokionez, Video Mapping teknika erabili dugu. Ikusgarria da».
Diskoa ere bai
Ikuskizunaren oinarria musika denez, diskoa argitaratu dute. Bihar aurkeztuko dute, Donostian, eta Zumarragan salgai egongo da. «Disko anitza da: kantautoreen musika, flamenkoa, euskal kutsuko musika, popa… uztartu ditugu. Gainera, oso musikari onek parte hartu dute: Oreka TX, Pello Ramirez, Mixel Ducau…».
Antzezlana Barakaldon estreinatu zuten eta jendeari asko gustatu zitzaion. Bi urte emango dituzte herririk herri. Zumarragatik Donostiara joango dira. Han, Victoria Eugenia antzokian, bi emanaldi egingo dituzte: larunbatean eta igandean. Ondoren, Bilbo, Azpeitia, Errenteria, Mungia eta Gasteizera joango dira, besteak beste.