Ordiziako azokan postua jarri dute Peruko jaki tipikoez hornituta, diru bilketa egiteko helburuarekin. Herritarren erantzuna «oso ona» izan da eta jende ugari gerturatu da.
El Niño fenomenoak Peru astindu du eta eragindako hondamenari aurre egiteko asmoarekin, kanpaina berezia antolatu du peruar-ordiziar talde batek. Azoka egunean, Plaza Nagusian, Peruko jaki tipikoak jarri dituzte salgai, dirua biltzeko asmoarekin. Miguel Torres eta Yesica Morales senar-emazteak bertan izan dira.
Zertan aritu zarete Ordiziako azokan jarri duzuen postuan?
Miguel Torres: Gure jaioterrian, Perun,
El Niño fenomenoak eragindako hondamendiari aurre egiteko zerbait egin behar genuela pentsatu genuen. Ordizian bizi garen Peruko jende talde bat, herriko hainbat pertsonekin batera, dirua biltzeko ekimen bat aurrera eramatea pentsatu genuen. Tximista sagardotegiaren, Ordizian merkatari elkartearen eta Ordiziako Udalaren laguntza izan dugu.
Yesica Morales: Jose Migel Santamaria lkatearekin hitz egin genuen, eta azoka eguna egun ona izan zitekeela esan zigun. Horregatik, Peruko jaki tipikoekin postua jarri dugu. Bertara gerturatu direnek guk prestatutako jaki horiek jateko aukera izango dute, bakoitzak erabakitako diruaren truke.
Nolakoa izan da herritarren erantzuna?
Y. M. : Egia esan oso pozik gaude, herritarren aldetik oso erantzun ona jaso dugulako. Jende asko gerturatu da postu ingurura, janariak haien arreta erakarrita eta asko eta asko animatu dira guk prestatutakoa probatu eta jarri dugun kutxan dirua botatzera.
Nolakoa da oraintxe egoera Perun?
M. T. : Oso delikatua. Peru iparraldean, uholdeak sekula baino handiagoak izan dira eta Lima hiribururaino,
El Niño fenomenoak sortutako hondamendia ikaragarria da. Harremanak moztuta egon dira denbora luzez, eta lagun askorekin denbora luzez hitz egin gabe egon gara, zer gertatu ote zitzaien jakin gabe. Oso gogorra izan da haietaz ezer jakin gabe egotea.
Y. M.: Dagoeneko
El Niño Perutik pasa da eta orain lan handia dago egiteko, harek utzitako txikizio guztia konpontzen. Asko eta asko etxerik gabe gelditu da eta ez dute jateko ezer. Guk, hemendik, gure jaioterriko pertsona guztiekin elkartasunean, ekimen hau eraman dugu aurrera, eta bildutako diru guztia, Ordiziako Udalak emandako 2.500 euroekin batera, Caritasen bidez Perura bidaliko dugu.
Horrelakorik bizi izan duzue zuek sekula?
M. T.: Fenomenoa bera bizi izan dugu Liman bizi ginenean, baina ez horrelako indarrarekin. Aurtengoa oso bortitza izan da.
Zenbat denbora daramazue Euskal Herrian?
Y.M.: 2006an iritsi nintzen ni Euskal Herrira. Lagunak nituen Donostian eta bertan bizi izan nintzen lehenengo. Perutik lan kontratua lotuta etorri nintzen eta, hari esker, Zumarragan, familia baten etxean egon nintzen lanean, bi urtez. Donostia urruti xamar gelditzen zitzaidan eta bizitzeko erdibideko tokiren baten bila, Ordizia toki aproposa izan zitekeela iruditu zitzaidan. Bi urte beranduago, familia berrelkartzeko eskubideari esker, senarra Miguel eta ahizpa ere etorri ziren.
Zeintzuk dira Ordizian edo Perun bizitzearen aldeak?
M. T.: Alde handia dago gauza askotan, baina batez ere lasaitasuna nabarmenduko nuke. Kalera irteterako garaian hemen sentitzen dugun lasaitasuna hain zuzen. Perun ez dugu horrelakorik sentitzen eta hori gauza oso handia da. Nahi dudan orduan atera naiteke etxetik edota kalean paseoan ibili. Perun, toki askotan, ezinezkoa da hori eta gure semea, lasaitasun horrekin haztea nahi dugu.
Y. M.: Horrez gain, ekonomikoki ere alde handia dago. Soldata minimoa Perun hemen baino askoz ere txikiagoa da; 200 eurora ere ez da iristen han eta horrekin bizitzea ez da batere erraza. Hemen lan handia egiten dugu, ordu asko, baina bizi ere bizi gara.
Etorkizunera begira Perura itzuliko al zarete?
Y. M. : Ez, ez, Euskal Herrian gelditzeko asmoa dugu. Haur txiki bat dugu, hemen jaiotakoa. Hemen osatu dugu familia eta oso gustura gaude Ordizian, beraz, bertan jarraitzeko erabakia hartuta dugu.
M. T.: Orain bi urte inguru, Perun izan ginen, han ditugun familiarrak bisitatzen. Euskal Herrian zortzi urte daramazkit eta urte horietan guztietan, Perun gauzak gutxi aldatu direla ikusi ahal izan genuen. Horrek Ordizian gelditzeko erabakia hartzen ere lagundu zigun; lehen, egunen batean Perura itzultzea zen ideia.