Bederatzi ordu inguru egingo ditu 20. Korrikak Goierrin larunbat goizaldean. Urretxutik sartuko da ordu txikietan, 01:51ean, eta Udana gainetik irten 11:21ean
Otxandion (Bizkaia) abiatu zen martxoaren 30ean Korrikaren 20. edizioa, eta datorren igandean, hilaren 9an, Iruñean (Nafarroa) bukatuko da Euskal Herri luze zabala zeharkatu ondoren. Denera 2.557 kilometro. Goierrira bukatu bezperan iritsiko da, Debagoienari lekukoa hartuz eta itzuliz. Deskargatik barrena sartuko da larunbat goizaldean, 01:51ean, eta Legorretaraino joango da lehen kolpean (04:45). Tolosaldeari lekukoa eman ondoren, zaldibiarrek hartuko dute Larraiztik behera datorren lekukoa 06:27an, eta Udana gaineraino eramango dute azkenik legazpiarrek 11:21ak aldera.
Aurtengo leloa
BatZuk da, eta abestiaren izenburua Zirkorrika. «Hizkuntza, Kultura, Mundu BAT sendotzeko bidean, ZUK ere bat egin dezakezu, zeuretik, zeure hizkuntza aberastasuna eta kultur aniztasun unibertsala bizi ditzazun». Asier Amondo Korrika arduradunaren hitz horiekin laburbiltzen dute leloaren hitz-jokoaren esanahia. Helburua, hizkuntza indartzea, euskara indartzea, norberak ere bat egin dezakeela gogoratzeko.
Eta errepidean oinetakoak urratzen ari direnak zirkorrikalariak dira aurten. «Hizkuntzaren malabaristak, akrobatak, trapezistak, herri honen ilusionistak… bidera atera gara, mundura atera gara, herriz herri igaroko gara!». Hala dio Zirkorrika abestiaren lehen estrofak; eta estribilloak honela: «Bat, izan bat, egin bat, bat zuk eta bat nik bat, denok bat, bat eta batzuk gara, hona-hara, euskara bat, mundu bat». Doinu balkanikoak gogora dakartzan abestia, bizia eta alaia.
Girotze lana herrietan
Dagoeneko hamaika ekintza egin dira Goierriko herrietan 20. Korrikaren etorrera girotzeko, eta gaur-biharretan zer esanik ez. Ordu txikietan igaroko denez, gaupasa egiteko asmoa dute askok, eta herri gehienetan afariak, txokolatadak eta gosariak prestatu dituzte, baita kontzertu eta karaokeak ere. Hanka-zainak berotzen hasteko garaia duzue Goierriko zirkorrikalariok, Korrika badator eta!
Ibilbidea eta ordutegia: