Maddi Jauregi: «Herri batzorderik gabe Korrika ez da ezer»
Maddi Jauregi – Korrikaren koordinatzailea Goierrin
Maddi Jauregi (Legorreta, 1993) 20. Korrikako koordinatzailea da Goierri behealdeko 18 herrietan. Gazte Asanbladako kidea da Legorretan, eta Euskal Filologia ikasketak ditu. Euskararen aldeko borroka etxean jaso du umetatik.
Nolatan Goierri beheko Korrikaren koordinatzaile?
Glotodidaktika ikastaroa egin, eta Goierriko AEKko irakasle izateko zerrendan nago. Hortik deitu zidaten eta baiezkoa eman nuen bi aldiz pentsatu gabe.
Orain artean zein lotura izan duzu Korrikarekin?
Sekula ez dut batzordeetan parte hartu, Gasteizen egin nituen ikasketak eta batzordeetara etortzea zaila egiten zitzaidan. Korrika egunetan, halere, betidanik egin ditut laguntzaile lanak.
Korrika ilusio handiz bizi izan dut beti. Euskararen aldeko borroka oso presente egon da gure etxean; ilusioa, lanerako prestutasuna, zirrara berezi hori…
Koordinatzaile lanari ekiterakoan nondik hasi zinen?
Niretzat den-dena izan da berria. Lur hartzen ari denaren moduan, lehenengo eta behin nire lana zein zen argitu nuen. Hasteko herri batzordeak sortu behar ziren, batzorderik gabe Korrika ez baita ezer ere. Egun Korrika zerbait bada herritarrek parte hartu eta lanean jarri direlako da.
Batzordeak eratzerakoan zerotik hasi behar izan al zinen Goierrin?
Ez. Herri askotan lantaldeak aurrez bermatuta zeuden eta, behin eratuta, jende berria gehitzen joaten da. Inongo arazorik ez dugu izan batzordeak martxan jartzeko. Dinamikak ez dira asko aldatzen eta Korrika datorren bakoitzean ekintzak ere antzekoak dira. Herri bakoitzak bere erritmoa duen arren, nork bere martxa jarraitu, eta lan asko kentzen digute guri.
Zein izan da hurrengo pausoa?
Girotze fase bat egiten da. Aurkezpen bat materiala erakusteko, logoa, leloa, abestia, ibilbideak… Korrika Kulturalaren barruan herrietan egingo diren ekintzak ere zehazten ditugu. Ekintza asko egiten dira baliabide urriak izanda ere. Jendeak ideia orijinalak dauzka eta proposamenei ere baiezkoa ematen diete; gero aurrera ateratzen saiatzen dira zirt ala zart. Guk hori guztia bideratu egiten dugu eta informazioa jaso ere.
Korrika aurten Goierrira iristen denerako urduriago?
Ez dakit urduritasuna den, erantzukizuna sentitzen dut. Ibilbidea zehatz-mehatz ikasi dut nondik jo behar duten esan behar diedalako; izan ere, pentsa nahasten naizela eta okerreko bidetik bidaltzen ditudala! Nik uste aurreko Korrikatan beste urduritasun sentituko dudala beti kirioak dantzan jartzen dizkidalako, aurten zer edo zer gaizki aterako denaren mamua uxatu, eta ez dut aukera horrekin pentsatu nahi. Aurreko urteetan bezainbesteko emozioz edo gehiagoz biziko dut.