Apirilaren 8an 20. Korrika Goierrira iritsiko da. Orain arteko guztiek zeharkatu dute eskualdea. Horrez gain, mezu egileak eta omendu bat ere bertakoak dira. Honelakoa izan da Korrika bailaran.
Hamaika zeresan, une, pasadizo eta sentipen utzi du Korrikak, 37 urteotan. Aurten 20. ekitaldia du bi urtean behingo lasterketa sinbolikoak. Urte bikoitian hasi zen, ordea, 1980an. Goierrirekin lotura ez da pasaera hutsetara mugatzen.
Gaupasa handia, hasteko
1980ko lehenengo Korrika Oñatin hasi zen, San Andres bezperan, larunbat gaueko 22:00etan. Elurrez zuri zegoen Euskal Herria. Debagoienean buelta bat jo, eta goizaldeko bostetan sartu zen Goierrin, Urretxun barrena.
Ormaiztegin —jaietan bete-betean zen—, «gaupasa handia» antolatu zuten Zubipen, Korrikari itxaroteko, bide batez. Imanol, Haizea, Gogor, Los Incansables… ziren jaialdian musikari. Eta, goizaldera, «xexenak».
Festaren beroaldian, konturatzerako iritsi zen Korrika. Ez zuten harrapatu askok.
Barandiaran, izarra
Korrikaren izen berezietako bat Joxe Migel Barandiaran etnologo ataundarra da. Hasieratik babesle sutsu izan zuen, baita garai zailenean ere. Hil zen urtean ez, baina beste sei edizioetan parte hartu zuen. 1980an Lazkaon eraman zuen lekukoa, «polikiegi» ote zihoan kezkaz, Hiazinto Fernandorenarekin. 1985ean Zumarragan egin zuen, Luis Ugarte euskaltzale legazpiarrarekin. 1987an, Beasainera joan zen.
Korrikak 1989an omendu zuen Barandiaran —goierritar bakarra da ohore horrekin—. 100 urtera zihoan. Sara etxetik bidera irten zen, petoa jantzita. Lasterketa geratu zen, eta lekuko berezi bat oparitu zioten. Ataungo haur bati eman zion gero lekuko ofiziala, zera esanez: «Oso pozik eta hunkituta nago, euskararen etorkizuna zuek guztiongan ikusten baitut».
Urte gaiztotuak Lehen Korrikan, lekukoan zihoan mezua galdu egin zen, eta bukaerako ekitaldian haren faltan egindako hitzaldi inprobisatuak hautsak harrotu zituen. AEK Euskaltzainditik kanpo geratu zen 1981ean, eta EAJk 1982an babes politikoa kendu, eta harremanak hautsi zituen: «Korrikari ezta pezetarik ere» idatzi zuen EBBk; AEK «KASen fronte kulturala» zela esan zen, prentsan.
Diru laguntzak asko murriztu zizkioten AEKri, Korrikarako. Udaletan mozioz ukatu zitzaion sustengu ekonomikoa, nahiz eta herrietatik pasatzeko baimena edo udal baliabideak eman.
Egoera hartan, soziologikoki lanketa sakonagoa burutu zen, babesa bilatu eta Korrika aurrera atera zedin: «Udalak ukatu zion laguntza, baina herriak jarri zuen bihotza», idatzi zuten Legazpiko Hots aldizkarian, esate baterako, 1983an.
Bi mezugile goierritar
Korrikaren 37 urteko eta oraindainoko 19 ekitaldietako historian, bi idazle goierritarrek parte hartu dute mezua idazten. 2005ean, Tere Irastortza zaldibiarrak ondu zuen mezua, Andolin Eguzkitza irakasle eta euskaltzain zenarekin batera. Orain hurrengoan, 2015ean, Lorea Agirre kazetari beasaindarrak.
Zurezko lekukoaren barruan joan ohi da mezua, papertxo batean kiribilduta. Bukaerako ekitaldian zabaldu eta irakurtzen duten arte, ez da jakiten nork edo zer idatzi duen.
Urteotan guztietan Korrikan bi lekuko izan dira. Aurrenekoa, 1980tik 1987ra bitartean erabilitakoa, Remigio Mendiburu artistak diseinatua zen. Donostiako San Telmo Museoan dago orain, Modernitatearen hasiera erakusketa iraunkorrean.
1989tik gaur arte, Juan Gorritik egindakoaren kopia bat dabil, eskurik esku.
Bertsolarien puntuak
Mikel Mendizabalek 1997ko Korrikan zertzelada gogoangarria utzi zuen. Itsasondon lekukoa zeramanean, aurreko furgonetatik mikroa eman zioten;?esku batean ikurra zuela, bestean mikroa, bertso hau bota zuen, pauso bizian: «Hau da Itsasondotik / pozik pasatzea,/ hementxe tokatu zait / testiguari heltzea. / nahiz eta nahiko nuken nik / zerbait kantatzea / lanik haundina daukat / arnasa hartzea».
Bukaera-festetan Goierriko bertsolariak aritu izan dira. 1985ean Iruñean Euxebio Igartzabal; 1991n Baionan I. Murua…
Goierrin hutsik ez inoiz
Korrikaren ekitaldi guztietan igaro izan da lasterketa Goierritik. Hasieran egun batean zeharkatzen zuen bailara osoa; 1989an, ordea, hiru sartu-irten egin zituen, bi egunetan. Azken urteotan, bi egun izan ohi dira.
Hainbeste kilometro egin arren, Goierrin sekula igaro gabeko bide bat izango du aurten: Zeraindik Legazpira, Aztiritik.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.