«Umeei neuk irakatsiko niela, eta halaxe sortu zen gure etxeko eskola»
Juanita Berasategi Ormazabal – Etxeko maistra
Trenbide ondoko Goiko Kantina etxean, eskola eman zien Juanita Berasategi Ormazabalek (Ezkio, 1933) inguruko haurrei, 1950eko hamarkadan. Hamabost-bat neska-mutil txiki joaten ziren.
Zure etxean, Ezkion, trenbide ondoko Goiko Kantinan eman zenuen eskola. Nola sortu zen?
Inguruan umeak txikiak zeuden, eta Zumarragara edo Santa Lutzira bidaltzeko gazteak ziren. Hainbeste bidean ez zituzten bidali nahi izaten gurasoek. Neuk erakutsiko niela, eta halaxe sortutako bilera bat zen hura.
Zer erakusten zenien?
Lehenengo otoitzak, eta oinarrizko eragiketak: batuketa, kenketa, biderketa eta zatiketa. Eskolako lanak, koadernoak idazteko, eskribitzen eta leitzen, lehenengo printzipioak eta. Nik ez daukat irakasle titulurik, ez naiz maistra. Mojetan ibili nintzen, baina besterik ez.
Zer etxe zen zurea?
Ni Ezkiokoa naiz. Renferen etxeak ziren horiek, eta gero biak bota egin zituzten, gure aita jubilatu zenean. Orain ez dago etxerik. Karrileko etxeak ziren, trenbidearen ondo-ondoan. Goiko Kantinak, gure etxeak, errekatxoarekin muga egiten zuen, Ezkio eta Zumarragako mugan.
Zein adinetako umeak joaten ziren zure etxera, eskolara?
Komunioa egin behar zutenak. Hamar-bat urte edo. Ia pixka bat gogortzen zirenean, Zumarragara joaten ziren, mojetara edo hermanoetara. Askok, gainera, jana eurek ekartzen zuten, eta gure etxean jaten zuten. Eguna han pasatzen zuten.
Santa Lutzian ere eskola egongo zen, bada?
Bazen eskola, maistra titularrarekin. Baina hara ere nahiko urruti egiten zitzaien zenbait baserritatik; Igartzatik, Ulitik eta. Badakit batzuk kexekin joan zirela apaizarengana, nik titulurik ez neukala eta, ea apaiza zergatik ez zen kexatzen. Esan omen zien, niregandik bezain ondo prestatutako umerik ez zela joaten beste eskoletatik, eta bera ez zihoala sartzera.
Non ikasi zenuen zeuk?
Zumarragan, Gurutzeko Alaben ikastetxean. Eliza ondoan ze-goen kolegioa, eta gero eraman zuten oraingo tokira. Kontabilitatea, takigrafia, mekanografia… ikasten ziren orduan. Hamasei urterekin bukatu nuen.
Eta eskolak ematen berehala hasi zinen?
Ba, berehala. Gure amak baten bati esan zion, eta hasi ziren umetxoak etortzen. Niri umeak beti gustatu izan zaizkit. Orain ere bai.
Noiz utzi zenion lan hari?
Ezkondu eta urtebetera-edo utzi egin behar izan nuen, neu nengoen haurdun eta. 25 urterekin ezkondu nintzen. Senargaia [Fermin Mendiola urretxuarra] Afrikan egon zen denboran, hartzen nituen umeak jaietan, eta Argixaora joaten nintzen, meriendarekin, denbora pasa. Jaietan ere bai. Ez nintzen kalera etortzen.
Zenbat ikasle izaten zenituen?
Hamabost ere edukitzen nituen, neska eta mutil. Adin askota-koak ziren: handiagoak baziren, txikiagoak… Bakoitza bere mailan. Senideak ziren asko.
Gogoratuko dira oraindik zurekin, ezta?
Neuk ez dut inor ezagutzen orain, baina harrituta geratu ginen behin. Etxeberrira ezkontza batera joan, eta mutil bat azaldu zen, nire eskolan ibilitakoa. Orain, ospitalean egon naiz, eta hor moja bat etorri zitzaidan; bere ahizpa nirekin ibilia zela, oraintxe jubilatu dela, Tolosan erizain lan eginda. Holaxe azaltzen zaizkit ezagunak.
«Badakit batzuk kexekin joan zirela apaizarengana titulurik ez nuelako» «Trenbide ondoan arriskua handia zen. Zelaian ibiltzen ziren umeak jolasean»Ez zaituzte ahaztu, beraz. Ez, ez. Gaiztoa nintzen eta! [ironiaz] Zer zorrotz egingo ziezun ba umeei? Gixajoak… Nik ahalegina egiten nien. Batzuk oso bizkorrak ere baziren. Jakin dut, harrezkero, karrerekin-eta aurrera irtendakoak direla. Etxea handia al zen? Hiru gela bazituen. Atea zabaldu, eta elurra ere sukaldean geneukan. Beheko sua bai, baina ez argirik, ez urik, ezer gabe. Umeekin gela batean aritzen nintzen. Trenbidearen ertzean egonda, arriskua izango zen, bada? Handi-handia. Karrilaren beste aldera pasatu, eta zelaian ibiltzen ziren umeak jolasean. Txerria errekan sartu, atera eta, holakoxe jolasak egiten zituzten. Ez zegoen jostailurik. Baina ahalegina beti etxe barruan ibiltzeko egiten nuen, arrisku handia zegoen eta. Behin, ume bati, nafarra zen, eta «a la esquina, a la esquina» esaten nion. Ez zuen ulertzen, eta trenaren aurretik korrika. «Nosotros decimos a la orilla» esan zidan gero. Gajoak ez ulertzen. Ez zuen harrapatu. Egizu kontu zer arriskuak. 1950eko hamarkada zen, kanpotik langile asko etorri zen fabriketara. Zuk nongo ikasleak zenituen: bertako baserrietakoak ala kanpotarrenak? Kanpotarrak, gehienak. Orbegozon lan egiten zuten langileen umeak ziren. Igartza baserrira eta, kanpotik etorri zen jendea bizitzera. Asko, erdaldunak. Hizkuntza nahasketa izango zen umeen artean, ala? Bai. Hemengo baserrietakoak —Ojarbi, Olatzabarren…— euskaldunak ziren, eta kanpokoak erdaldunak. Oso ederki moldatzen ziren euren artean, denek ondo ulertzen zioten elkarri. Zuk zer hizkuntzatan esplikatzen zenien? Denetara, bakoitzak behar zuen bezala. Erdaldunek euskaraz ikasi al zuten? Horixe ikasiko zutela. Baina erdaldunek euskaraz baino errazago, euskaldunek erdaraz. Guri kosta zitzaigun erdaraz ikastea. Okerrena eskolan horrekin ibili ginen, erdaraz ez jakinarekin. Ez genekien si eta no besterik. Mojek esplikatzen zizkiguten problemak eta gauzak, baina guk ez genuen ezer ulertzen. Arazorik jarri al zizuten zuri euskaraz aritzegatik, eskolan? Ez, nirekin inor ez zen sartu. Santa Barbaran, Urretxun, bazen nire moduan ematen zuen bat. Hari kastigua eman eragiten zioten, eta euskaraz hitz egiten zuen umeei multa ematen zieten, 10 zentimo.