Apirilaren 19an ospatuko da Artzain Eguna Ordizian
2.000 ardik baino gehiagok zeharkatuko dute herria egun horretan
Ordiziako artzain eguna eta Idiazabal gaztaren denboraldi berriaren aurkezpena egin dute gaur Donostian. Apirilaren 19an ospatuko da eta 2.000 ardik baino gehiagok zeharkatuko dute herria egun horretan, Aralar eta Aizkorriko larreetara igotzeko bidea hartuta. Ohikoa den gazta moztea, Luis Irizar sukaldariak egingo du. Irizar bera, gaurko agerraldian izan da eta “oso pozik” agertu da gazta moztea egingo duelako. Goiturreko zuzendaria den Niko Osinalderi ere omenaldia egingo diote. Horretaz gain 2016. urteko erregulartasun kalitate sariak Txoko Gaztarekin Xanti Etxezarretak (Olaberri, Gipuzkoa) eta Luis Vicente Larrarteren Lizun Gaztandegiak (Sunbilla, Nafarroa) jasoko dute. Gainera, artzainen omenez egindako eskulturaren aurkezpen ekitaldia ospatuko da Jakes etxean. Horrez gain, gaur Donostian egindako agerraldiaren amaieran, Ordiziako Idiazabal Gaztaren Kofradia eta Idiazabal Gaztaren Jatorri Izendapenaren arteko lankidetza hitzarmena ere sinatu dute.
Xabier Arrutik, Foru Aldundiko Nekazaritzako eta Landa Garapeneko Zuzendari Nagusiak, hiru mezu eman nahi izan ditu; batetik apirilaren 19a, “artzainentzat jai eguna eta egun garrantzitsua izango” dela esan du eta egun horretan, “protagonistak artzainak izango” direla nabarmendu du. “Artzaintzaren aitortza eguna” ere badela gehitu du. Bigarrenik, “egindako lanaren fruituak gizarteratzeko eguna” dela esan du eta “mendiko gazta lan horren emaitza” dela. Artzainek egiten duten “esfortzua, behin eta berriz balorean jartzen saiatzen” direla gogorarazi du eta ez du ahaztu nahi izan, “dastatzen dugun gaztaren atzean ikusten ez ditugun historia asko” daudela. Azkenik eta hirugarren puntu bezala, Foru Aldundia, gainontzeko erakundeekin elkarlanean, “artzantza sustatzen, lan baldintzak hobetzen, eta balio erantsia duen produktu hau eta merkatuan ahalik ondoen posizionatzeko tresnaz baliatzen saiatzen” jarraituko dutela adierazi du Arrutik. Horrez gain, “aldundiaren esku dagoen guztia egiten” jarraituko dutela ere adierazi du. Besteak beste, “artzainen bizi baldintzak hobetzea” dute helburu. Horren adibide dira, “txabolak, txaboletara errez iristeko egiten ari garen ahalegina eta abereen osasuna hobetzeko egiten ari garen esfortzua”. Artzainek “lana duintasunez egin dezaten, Foru Aldundiak etengabe lanean jarraituko” duela nabarmendu du Arrutik.
Gaur gaurkoz, “121 gaztandegi ekoizle daude Idiazabal Jatorrizko deituran” Jose Mari Ustaroz, Idiazabal Jatorri Izendapeneko Lehendakariak adierazi bezala. Produkzioari dagokionez 2016an, %9,2 egin zuen gora, hau da, 1.340.725 kilo gazta egin ziren Idiazabal Jatorrizko deituraren barruan.
Azkenik, Jose Migel Santamariak, Ordiziako alkateak, artzain egunean Ordiziara joateko gonbitea luzatu dio “jende guztiari”.