Korrika txikia handi egin dute Ordiziako ikasleek
Zirkorrikalari txikiz bete dira gaur goizean Ordiziako kaleak. Herriko ikastetxe guztietako haur eta gaztetxoak kalera atera dira, eta herriko kaleak zeharkatu dituzte euskararen aldeko aldarriarekin.
Goizeko 10:30ean puntuan, etxafuego batekin eman diote hasiera Ordiziako Korrika txikiari. Eskarabilla auzotik abiatuta, geltokiko kaletik barrena Bustuntza auzoraino joan dira aurrena. Handik, Gudarien etorbidea igoz, herrigunera iritsi eta itzulia eman dute, plazan bukatuz. Ekitaldi jendetsua izan da, denak han elkartu baitira. Udaletxeko balkoitik, lekukoak zeraman mezua bertsotan kantatu dute.