Larunbatean Segurako plaza, Errebotea, arboladia eta pilotaleku zaharra berregituratzeko proposamena aurkeztuko dute. Herritarrak parte hartzera gonbidatu ditu udalak
Lanean buru-belarri ari dira egunotan Seguran
Workshop edo Lantegiko 17 gazteak. Gehienak arkitektoak badira ere, jakintza diziplina desberdinetakoak (antropologoak, eraikuntza ingeniariak, Arte Ederrak ikasitakoak eta geografoak) ari dira plaza, Errebotea, arboladia eta pilotaleku zaharraren eremua berrantolatzeko proiektua idazten. Lan horretarako, adin desberdinetako herritarrekin harremanetan egongo dira etengabe ahalik eta proiekturik egokiena osatzeko. «Herritarren ideiak, ametsak, nahiak, beldurrak eta desirak mahai gainean jartzeko unea da. Denok dugu zer entzun eta zer esan», dio Segurako Udalak.
Astelehenean, 16:30ean, iritsi ziren Lantegiko kideak Segurara. Proiektuaren dinamizatzai-leek, Errebote batzordeko kideek, Eñaut Telleria alkateak eta Eluska Gerriko aurreko alkateak egin zien harrera. Guztien artean Segurako maparen puzzlea osatu zuten lehendabizi, eta metodologiaren eta prozesuaren azalpenak entzun ondoren, elizako kanpandorrera igo ziren gazteak eremuaren ikuspegi orokorra hartzeko.
Larunbatera arte
Dunak taldeak gidatuta goizean kultur etxean barne lanean aritzen dira ere gazteak, maketak eta planoak lagun. Arratsaldean, berriz, lantegi eta hitzaldi irekiak dituzte. Segurarrek bertan parte hartzera animatu nahi ditu udalak: «Gerturatu kultur etxean izango diren ekintzetara, eta denon artean osatuko dugu Segurako erdigunearen etorkizuneko eraldaketa».
Lantegiko gazteekin batera, jakintza desberdineko adituek hitzaldi irekiak egingo dituzte , horrelako proiektu bat idazteko ikuspegi anitzak izateko. Gaur,
Espazio publikoa: ikuspegi anitzak hitzaldia dute. Daniel Carballo Ostolaza (marrazkilaria, pilotaria, arkitektoa eta EHUko irakaslea), Oihane Ruiz Menendez (Dunak taldeko arkitektoa eta urbanista), Irati Mogollon soziologoa eta EHUko ikertzaile multitasking-a) eta Karmele Redondo Ferrero (arkitektoa eta Masterra hiriaren kudeaketan hirigintza barneratzaileko kidea) elkartuko dira. Bihar, berriz,
Lurralde eta gizarte gaiak lantzeko, Iratxe Arriola Alzola (abokatua eta Ea herriko alkatea), Imanol Esnaola Arbiza (Gaindegiako koordinatzailea) eta Amaia Albeniz Goikoetxea (Dunak taldeko arkitektoa eta urbanista) izango dira.
Afariak
Iluntzeetan, berriz, herriko elkarteetan elkartuko dira afaltzen eta afal ondoreneko solasaldietan. Udalak jakinarazi duenez, «aste eguneko afarietara joan ahalko dira hitzaldietara joandako herritarrak, mahai inguruan harremanak eraikitzen joateko eta proiektuari forma ematen jarraitzeko». Larunbatean, berriz, herri afaria egingo dute plazan. Tabernetan eta Workshopean eman behar da izena aurrez.
EGITARAUA
Gaur
· 16:00-18:00. Haurren saio bereziak.
· 17:00-18:30. Lantegi irekia herritarrentzat.
· 18:30-20:30. Hitzaldia eta mahai ingurua: Espazio publikoa: ikuspuntu anitzak.
· 20:30. Afaria Guraso Elkartearekin, Elorrin.
Bihar
· 17:00-18:30. Lantegi irekia herritarrentzat.
· 18:30-20:30. Hitzaldia eta mahai ingurua: Lurralde eta gizarte gaiak.
· 20:30. Afaria Zopajale elkartean.
Ostiralean
· 20:30. Afaria herriko gazteekin.
Larunbatean
· 11:00. Proposamenen aurkezpena.
· 19:00. Bote luzea pilota erakustaldia plazan eta errebotean.
· 21:00. Herri afaria.
· 22:30. Kontzertua Burning day light taldearekin.