«Asebetetze handia da egindako lanarekin gustura gelditzea»
Apirilaren hasieran Azpeitian jokatu zen Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolari Txapelketan ez zuen txapelik irabazi Itziar Mendiak (Beasain, 2000), baina gustura dago emandako mailarekin. ...
Apirilaren hasieran Azpeitian jokatu zen Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolari Txapelketan ez zuen txapelik irabazi Itziar Mendiak (Beasain, 2000), baina gustura dago emandako mailarekin. Bat-bateko modalitatera ohitu eta bere buruarengan konfiantza irabaztea ditu helburu aurrerantzean.
Noiztik datorkizu bertsolaritzarako zaletasuna?
Gure etxean beti egon da bertsolaritzarako zaletasuna. Bederatzi urte nituela eman nuen izena lehenengoz Beasaingo Bertso Eskolan, probatzeko. Bertso idatziak landu nituen hasierako urteetan. Gero, 11 edo 12 urte nituela bat-batean aritzeko taldera pasatzeko garaia iritsi zitzaidan. Beasainen talderik ez zegoenez, Ordiziako Goierriko Bertso Eskolara joan nintzen.
Nola bizi izan zenuen saltoa?
Hasiera gogorra izan zen. Ordura arte ez nintzen inoiz bat-batekoan aritu, ahalegin handiagoa eskatzen zuen. Gainera, nire adineko bakarra nintzen eta ez nuen inor ezagutzen. Gero, praktikarekin nire buruarengan konfiantza irabazten joan nintzen eta orduan harrapatu ninduen mundu honek.
Nola oroitzen dituzu bertsotan lehenengoz egin zenituen jendaurreko saioak?
Lehenengo saioetan prestatutako bertsoak kantatzen nituen, liburu azokaren batean, jubilatuen etxean… Gero, tarteka bat-bateko saioaren bat edo beste ere bai, baina Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketakoak izan dira garrantzitsuenak. Iaz eta aurten izan dut parte hartzeko aukera, eta bietan iritsi naiz finalera.
Nolako esperientzia izan da zuretzat Eskolarteko Txapelketetakoa?
Alde batetik pozgarria. Bai iaz eta bai aurten espero baino maila altuago eman baitut txapelketan. Bestalde, zaila ere izan da. Urduritasun handia izan dut, trabatzen bazara ere aurrera egin beharra daukazu… Baina nire buruarekin gustura nago. Horrenbeste urtetan prestatzen aritu eta gero, polita da horrelako saioetan parte hartu ahal izatea.
Aurrera begira zein helburu dituzu?
Ahalik eta saio gehien egitea gustatuko litzaidake, hobetzen joateko eta nire buruarengan konfiantza gehiago irabazteko. Bat-batean, norberak bertso bat sortzea ikaragarri polita da. Asebetetze handia da egindako lanarekin gustura gelditzea.