Markak hausten ari dira Ehunmilak, Goierriko Bi Handiak eta Murumendi mendi lasterketak: 1.166 korrikalarik eman dute izena dagoeneko. Ekainaren 7ra arte dago izena emateko aukera.
Uztailaren 7tik 9ra bitartean jokatuko diren Ehunmilak, Goierriko Bi Handiak eta Marimurumendi lasterketak marka guztiak hausten ari dira aurten.
Inoiz baino korrikalari gehiagok eman dute izena Ehunmilak, Goierriko Bi Handiak eta Marimurumendi probetan.
Bai, oso gustura gaude. 1.166 korrikalarik eman dute izena, marka hautsi dugu dagoeneko. Lasterketa bakoitzean 15 plaza gehiago jarri genituen, eta hala ere agortu egin dira bi karreretan eta Ehunmilak ultra trailean (168 kilometro) ere dagoeneko sekula baino jende gehiago daukagu izena emanda. Orain arteko errekorra Ehunmilan 355 korrikalaritan geneukan eta dagoeneko 386an gaude. Espero dugu beste 50-70 gehiago izango direla.Nik uste dut 400eneko muga gaindituko dugula proba luzeenean.
Goierriko Bi Handiak eta Marimurumendi lasterketetan zenbateko itxaron zerrenda dago?
Denera 250 lagun baino gehiago. G2Han berez 800dik gora lagunek eman dute izena 515 plazetarako; 300 laguneko itxaron zerrenda izan dugu. Bajak egon ahala deitu egiten diegu.
Iaz marketing arloan lan handia egin zenuten beste hainbat lasterketetan informazioa banatuz.
Bai, iaz egindako zabalkunde lanaren fruituak jasotzen ari gara, horren ondorioak sumatu ditugu aurten. Kazetari atzerritarrak ekartzeak ere lagundu du. Iaz kazetari ingeles bat ekarri genuen eta aurten 10-15 ingeles ditugu, sekula ere eduki ez ditugunean. Orain gure lana da jende hori dena ondo zaintzea, eta gure lasterketa beraien herrian zabaltzea.
Are eta nazioartekoagoa izango da, beraz, aurtengo edizioa.
Bai, horretan ere errekorra jarriko dugu, iaz baino %15 gehiago izango dira atzerritarrak. 14-15 herrialde desberdinetako jendea izango dugu aurten.
Aldaketa bat egin duzue aurten, korrikalariei mediku eta gaitasun txostena eta atseden-egoeran egindako elektrokardiograma eskatuz. Zer moduz hartu dute korrikalariek?
Borroka handi bat izan genuen zentzu guztietan. Duela 15 egun gonbidatuak izan ginen Gipuzkoako Sendagileen Elkargo Ofizialak eta Euskadiko Kirol Medikuntza Elkarteak antolaturiko hitzaldi batean parte hartzera eta nabarmen gelditu zen eredu garbi bat garela gainerakoentzat. Hasieran errezelo bat bazegoen. Baina Ehunmilak beti izan da erreferentea horretan, gu izan ginen lehenengoak mediku agiria eskatzen. Aurten aldatu egin dugu mediku agiri hori.
Zergatik aldaketa hori?
Bi arrazoiengatik: batetik, edozein ezbehar gertatzen baldin bada pertsona horri ahalik eta arreta azkarrena eta hoberena emateko; eta bestetik, proba pribatu batek ezin duelako Osakidetza kolapsatu. Benetan arantzaz jositako bide bat hartu dugu, korrikalariek egur asko eman digute, baina nik uste dut denek ulertu dutela eta barneratuko dutela. Eta espero dugu, gure filosofia gainerako lasterketek ere hartzea, eta protokolario bihurtzea. Gu borrokatzen ari gara internazionalki, dokumentu bat egiteko, behin eginda Europako lasterketa guztietarako balioko duena. Baina oso zaila da. Horretan ari gara, egunen batean agian lortuko dugu.
Hiru hilabete eskas falta dira uztailaren 7rako.
Bai, bost-bat egun izan ditugu lasaiagoak, baina bileretan gabiltza, orain zirkua montatzen hasiko gara, nolabait esateko.
Boluntarioek noiz izango dute izena emateko epea?
Maiatzaren erdian irekiko da izena emateko aukera. Ea aurten ere urteroko moduan jendeak ondo erantzuten duen, eta horretan ere erreferente izaten garen; ea jendeak babesten duen proiektua izaten jarraitzen duen.
Berrikuntzarik ba al duzue aurten? Bakarren bat aurreratu dezakezu?
Aurten ere aurrerapauso bat gehiago eman dugu komunikazioan. Interneteko Marathon Radiorekin 30 ordu jarraian zuzeneko saioa egingo dugu. Berez gaztelerazko irratsaioa da, baina orduerdiro euskarazko eta ingelesezko laburpenak egingo ditugu. Denontzat esperimentu bat da, beraiek ere ez dute inoiz horrelako emisio luzerik egin. Ehunmilak lasterketa hasten denetik bigarren emakumezkoa helmugaratzen denera arteko saioa izango da.